Kexa eragin duen administrazioaren jarduera aztertu ostean, Arartekoak adierazi du jarduera okerren bat zegoela kexetatik %55etan. Horren aurrean, eragindako administrazioak kexa sorrarazi zuen jarduera zuzendu eta aldatu duela azaldu du, kasuetatik %85,78tan.
Bestetik, "izugarri" handitu dira gizarte bazterketaren kontra borrokatzeko tresnekin zerikusia duten kexak: 1.010 izan dira guztira —329 izan ziren 2011n, eta 32 2010ean—.
Kexetatik %56 eskubide sozialen gainekoak izan dira, eta, aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzaren kontra egin dira kexa gehienak (%65,83).
2012an hiru gomendio orokor egin ditu Arartekoak, txostenean jasotzen denez: Euskal Osasun Sistema-Osakidetzaren esparruan zerbitzu espezializatua eta ospitalea aukeratzea; ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zergetan zerga onurak urtero eskatzeko baldintza aldatzea, onuraz hobeto baliatzeko aukera eskaintzen duten beste baldintza batzuen truke; eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Osakidetzak eta udaltzaingoek koordinazio mekanismoak ezartzea istripuetako biktimen familiei informazioa ahalik eta lasterren eman dakien bermatzeko.