Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila harrituta agertu da Iñigo Lamarca EAEko arartekoak atzo Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxeko gertaerei buruz jakinarazi zuen txostenarekin. Arartekoak adierazi zuen Ertzaintzak Kukutza husterakoan eta hurrengo egunetako mobilizazioetan erabili zuen indarkeria ez dagoela behar bezala arrazoitua. Txostena "bidegabea eta zehaztasun gabea" dela adierazi du gaur Herrizango Sailak, ohar baten bidez.
Arartekoaren adierazpen batzuk "zorroztasun gabeak" direla zehaztu du Rodolfo Aresen sailak. Gainera, uste du "Ertzaintzaren irudia eta agenteen eginkizun profesionalaren izen ona zikindu nahi dutenek" txostena erabil dezaketela.
Bilboko gaztetxea husteko Ertzaintzaren esku hartzea "kongruentzia, aukera eta proportzionaltasun printzipioen araberakoa" izan zela berretsi du Herrizaingo Sailak.
Lamarcari eskatutako informazio guztia igorri diola ere adierazi du Herrizaingo Sailak, nahiz arartekoak uste duen eskari guztiak ez dizkiola erantzun.
"Herrizaingo Sailak ulertzen du arartekoaren erakundeak kexa guztien egiazkotasuna onartzen duela, aintzat hartu gabe zenbait sektorek Kukutza hustu izana, argi eta garbi, aitzakia gisa erabili zutela Ertzaintzaren irudiari eta prestigioari eraso egiteko". Istiluak "pertsona iskanbilatsuek" eta "atxiloketa aurrekariak" zituztenek eragin zituztela zehaztu du Aresen sailak.
Guztiz bestela hartu dute arartekoaren txostena Bilboko Bilduko zinegotziek: "Arrazoia eman digu". Bilduko zinegotziek agerraldia egin dute gaur eguerdian, eta berretsi dute Lamarcak jasotako salaketak "arrazoituak eta justifikatuak" zirela, ertzainek gomazko pilotak distantzia txikira jaurti zituztela eta poliziek tratu "bidegabea eta desegokia" izan zutela Errekaldera joan ziren Bilduko zinegotzi eta langileekin.
Ertzaintzak "azkeneko urteotan" Bilbon izan duen portaera salatu du Bilduk, eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri du gogora —gomazko pilotakada bat jaso ondoren hil zen—.
"Ez gara ari gertakari bakartu batzuei buruz". Ares Herrizaingo sailburuaren dimisioa eskatu dute Bilduko zinegotziek, irailean egin zuten eskaria berretsiz. Eta jakinarazi dute Cabacasen heriotzari buruzko eztabaida Bilboko Udaleko hurrengo osoko bilkurara eramango dutela.
Aralarrek ere gertaeren larria nabarmendu du. Dani Maeztu eusko legebiltzarkideak salatu du Aresek emandako azalpenek ez zituztela gertaera guztiak argitu bere garaian, eta arartekoaren txostenak hori berretsi duela. "Erabat salagarria iruditzen zaigu, urte erdi igarota, oraindik ere Ertzaintzaren jokabideak zalantzak eragitea".
Ertzaintzaren jokabidea "proportzionatua" izan ote zen berriz galdetuko dio Aralarrek Aresi, Eusko Legebiltzarrean. Eta "inpunitate mezurik" heda ez dadin, "batzorde independente" bat sortzeko eskatuko du, Polizia jardueren gainean herritarrek dituzten eskaerei bide egiteko.