Ertzaintzak tortura kasu bat ikertzeko jarri dizkion oztopoak salatu ditu Arartekoak
Andoni Beroizek kale erasoan parte hartu ez eta hiru atxilotuk haren izena ematea ez dela logikoa dio
Eider Goenaga
Bi herritarrek torturengatik eta Ertzaintzak haien semeen kontra izandako jokabideagatik aurkeztutako kexa bana oinarri hartuta, ikerketa egin du EAEko Arartekoak. Baina oztopo ugari izan ditu, eta hala salatu du atzo ezagutarazitako txostenean. «Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kasu honetan izandako jardunbidea ezin da irregulartzat baino hartu», dio Iñigo Lamarcak zuzentzen duen erakundearen txostenak.
Irregulartasunak hainbat arlotan eman dira: besteak beste, Arartekoari kasua ikertzeko oztopoak jarri dizkiotelako; gazte bat errugabetzeko froga esku artean izanda, bi urtez Auzitegi Nazionalean aurkeztu ez zituztelako; eta errugabea zen pertsona bat inkulpatu zuten hiru gaztek aurkeztutako tortura salaketa ikertu ez zelako.
Andoni Beroiz eta Jon Cresporen gurasoek jo zuten Arartekoarengana euren salaketarekin. Izan ere, 2002ko azaroan Ertzaintzak Beroiz atxilotu zuen, beste hiru lagunek haren aurka egindako salaketa faltsua oinarri hartuta. Jon Crespo, Ugaitz Perez eta Iker Lima dira hiru lagun horiek, eta bost eguneko inkomunikazioaren ostean salaketa jarri zuten torturengatik. Atxilotu eta bi urtera jakin zen inkulpazio faltsua izan zela.
2000ko urtarrilean Galdakaon Guardia Zibilaren egoitzaren aurka koktelak botatzea egozten zieten. Baina Beroizek eraso hura gertatu zen egun eta ordu berean istripua izan zuen, Zuian (Araba), eta Ertzaintzak egin zuen istripu haren atestatua. Gazteen epaiketarako bi hilabete falta zirelarik, 2005eko otsailean, Ertzaintzak oraindik ez zuen atestatu hura Auzitegi Nazionalera bidali, hark hiru bider eskatu arren.
Epaiketan, Andoni Beroiz errugabetu egin zuten, haren kontrako froga bakarra beste hiru atxilotuen deklarazioa baitzen.
OZTOPOAK.Hori guztia oinarri hartuta abiatu zuen ikerketa EAEko Arartekoak. Baina ikerketan Ertzaintzak izandako jarrera ez du Lamarcak zuzentzen duen erakundea «gogo bete».
Egindako eskaerei erantzuteko «atzerapena» da arrazoietako bat. Arartekoak «bereziki kezkagarritzat» jotzen du Herrizaingo Sailari ohartarazi behar izatea informazioa ez helaraztea delitua dela. Arartekoak bi eskaera egin zizkion Herrizaingo Sailari. Lehen eskaerari «arrazoizko denbora batean» erantzun zion Javier Balzaren sailak, baina bigarren eskaerari erantzuteko zortzi hilabete behar izan zituen, eta Arartekoak ohartarazpena egin behar izan zion. «Aurreko komunikazioan esandakoa errepikatzeko zortzi hilabete behar izatea ulertzen zaila egiten zaigu».
Bestetik, Arartekoak ez ditu ontzat jotzen Herrizaingo Sailak gezurrezko inkulpazioak arrazoitzeko eta haiek ez zirela «Poliziaren presioaren» ondorio izan baieztatzeko erabiltzen dituen argudioak. Atxilotze agindua Auzitegi Nazionalak eman zuela erantzun zion Herrizaingo Sailak Arartekoari, eta Ertzaintzak ez zekiela zer inputatzen zitzaion atxilotuari. Arartekoaren arabera, horrek ez du garrantzirik, garrantzitsuena da zerk eraman zituen epailea eta fiskala Beroizen kontra egitera, eta zergatik eman zuten beste hiru gazteek Beroizen izena, hark kale erasoan parte hartu ez zuenean. «Ez da logikoa ez batek, baizik eta hiru pertsonak X jaunaren [Beroiz] aurka inputazio bera egitea, polizia egoitza berean, baina euren artean inkomunikatuta egonik».
BI URTEZ PRESO. Ertzaintzak Beroizek izaniko istripuaren atestatuarekin nola jokatu zuen ere salatzen du Arartekoak. Izan ere, Auzitegi Nazionalak hiru bider eskatu behar izan zion atestatua Herrizaingo Sailari, eta epaiketa baino bi hilabete lehenago arte ez zuten bidali. Ertzaintzak bidalitako lehen atestatuan, gainera, ez zegoen istripua izan zuten lagunen zerrenda -Beroiz ez zen autoaren jabea, eta gidariaren ondoan zihoan-.
Horretan ere atzerapena salatzen du Arartekoak, baina haratago joaten da. Izan ere, Ertzaintzak istripuaren atestatua bere kabuz bidali behar zuela dio, eta ez inoren eskariz; Ertzaintzaren egitekoa dela, kargu-frogak bilatu eta bidaltzen dituen bezala, esku artean dituen deskargu-frogak bidaltzea.
Hori guztia eta Limak, Crespok eta Perezek torturak salatu zituztela kontuan hartuta, Arartekoak ez du ulertzen Ertzaintzak diziplina mailako ikerketarik ez ireki izana. Herrizaingo Sailak ikerketa judiziala irekita zegoela erantzun zion, eta horregatik ez zela barne ikerketarik egin. Arartekoaren ustez, batak ez du bestea kentzen, eta EAEko Polizia Autonomikoaren Legeak berak ere jasotzen du hori.
«Kasu honetan gertatutakoak honakoa gogoraraztera behartzen gaitu: Poliziak eragindako tortura edo tratu txarren edozein salaketa edo arrazoizko zantzuren aurrean berehalako ikerketa inpartziala abiatu behar dela, hori delako halako praktikei aurre hartu, eragotzi eta zigortzeko oinarri nagusia».
Arartekoaren txostena
Lau pertsona aipatzen ditu Arartekoaren txostenak, haien izena eman gabe. X pertsona Andoni Beroiz da, eta Y, A eta B pertsonak Jon Crespo, Ugaitz Perez eta Iker Lima dira, ertzain etxean inkomunikatuta zeudela Beroizen izena eman zutenak. Txostenaren hainbat pasarte dira hauek.
Gertaerak. «Ertzaintzak berriro atxilotu zuen [X], beste hiru atxilotuk haren aurka eginiko egozpenen ondotik. (...) Defentsa prestatzerakoan X jaunaren gurasoak ohartu ziren Herrizaingo Sailak esku artean izan behar zuela semeak leporatzen zizkioten gertakarietan parte hartu izana ezinezkoa zela frogatzen zuen agiria: hots, Ertzaintzak berak auto istripu bati buruz eginiko atestatua. Istripua hizpide ditugun gertaeren [erasoa] egun eta ordu berean izan zen, eta tartean X jauna izan zen».
Zalantza. «Zurigarria ukaezina dela ikusita, geure buruari galdetu behar diogu ea zergatik hiru atxilotuk, beren aitorpenen bidez, tartean sartu zuten delitua egiten inolaz parte hartu ez zuen pertsona bat. Galdera horrek eta atxilotuek tratu txarrak jasan zituztela-eta jarritako salaketak, jarduera polizialaren gaineko ikerketa egitera behartzen zuten Herrizaingo Saila».
Herrizaingo Sailaren portaera Arartekoaren ikerketan. «Administrazioak kasu honetan izan duen jokabideak, forma eta eduki aldetik, garbi uzten du, ez Y, A eta B jaunen atxiloketan gertatutakoa, baina bai Herrizaingo Sailak ikerketari aurre egiteko hartu duen jarrera. Arartekoaren lana ez da salaturiko gertaera larri horiek benetan gertatu ziren ala ez aztertzea (...), baina bai euskal administrazioaren elkarlana sustatzea funtzionarioen aldetik tratu txar edo torturarik egon denean».
Atxiloketa agindua. «Salaturiko irregulartasunaren zantzuak dauden ala ez zehazterakoan ez du garrantzirik X jaunaren atxiloketa nork agindu zuen: garrantzia Y, A eta B-ren aitorpenek epailearen eta fiskalaren balorazioan izan zuten eragina zehaztea da».
Egindako kaltea. «X jaunaren inguruan prozesuko memento ezberdinetan hartu diren erabaki guztiek aitorpenen egiatasuna edo faltsutasuna bakarrik hartu zuten oinarritzat--bere atxiloketa agindu zenean, auzipetzea agindu zenean, bi urte baino gehiagoz prebentzioko presoaldian izatea erabaki zenean eta, hori guztia igaro ondoren, salaketa kendu eta mota guztietako aldeko ebazpenak jaso zituenean--. Errugabea zen pertsona batengan ondorio hain larriak izan zituen salaketa faltsuetatik ondorioztatzen dira balizko irregulartasun zantzuak; eta aitorpenak egin ziren modua aztertu beharko litzateke».
Barne ikerketa. «Diligentzia judizialak egotea ez da oztopo Poliziaren jardunbidea ikertzeko (...) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren 4/1992 Legeak berak gure interpretazioa berresten du 91.5 artikuluan. (...) Betebehar orokor horren salbuespen bakarra kexak izan dezakeen gezur edo sinestezintasun izaera da, baina hori ez da kasua».
Ebazpena. «Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak kasu honetan izandako jardunbidea ezin da irregulartzat baino hartu, erakunde honi laguntzeko agertu duen luzapenagatik eta eskaturiko datuak ez helarazteagatik; X-i modu faltsuan Poliziaren egoitzan egotzi zitzaizkion gertakarien aitorpena zein modutan gauzatu zen aztertzeko ezetza justifikatzeko arrazoibide onargarririk ez izateagatik, are gehiago gerora Ertzaintzaren aldetiko tratu txarrak salatu direnean».
Torturak
Arartekoak salatu du Ertzaintzak trabak jarri dizkiola tortura kasu bat ikertzeko
Gazte bat errugabetzeko froga eskuetan izanda, Ertzaintzak bi urtean Auzitegi Nazionalean aurkeztu ez izana irregulartzat jo du Iñigo Lamarca Arartekoak. Kale erasoarekin zerikusirik ez zuen gazte bat inkulpatu zuten hiru atxilotuk aurkeztutako tortura salaketak ez ikertzea salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu