EUSKAL PRESOAK

Arartekoak Uribetxeberria askatzea galdegin du

Preso gaixoa baldintzapean aske uzteko prozedura "arintzeko" eskatu die Espetxeetako Zuzendaritzari eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzari. Uribetxeberria medikuen diagnostikoaren zain dago, eta litekeena da aurki jasotzea emaitzak. Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiak azaldu duenez, diagnostikoaren arabera abiatuko da edo ez presoa aske uzteko prozedura. 

2012ko abuztuaren 14a
15:23
Entzun

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak Josu Uribetxeberria preso gaixoa baldintzapean aske uzteko prozedura "arintzeko" eskatu die Espetxeetako Zuzendaritzari eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzari. Ohar bidez, Lamarcak adierazi du legeak ezarritakoaren arabera presoa baldintzapean aske uzteko baldintzak betetzen direla.

Era berean, indarkeriarik gabeko garai berriak kontuan hartuta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso guztien egoera "lehentasunez eta berehala" baloratu behar dela adierazi du Lamarcak. Legeak zehaztutako xehetasun guztiak "zorrozki" betetzen direla aztertu.

Uribetxeberriari gose greba aurrera eramateko erabakia "berriro aztertzeko" eskatu dio arartekoak; "osasunean atzeraezinezko kalterik ez eragiteko, eta, aldi berean, Espetxeetako eta Justizia Administrazioek hartu behar dituzten erabakiek baldintza egokienak lagun izan ditzaten". 

Arartekoa Uribetxeberriaren senideekin eta Etxerat eta Herrira-ko ordezkariekin bildu zen iragan astean. 

Diagnostikoaren zain 

Uribetxeberria medikuen diagnostikoaren zain dago, eta litekeena da ostegunean jasotzea atzo egindako frogen emaitzak. Donostiako Ospitaleko medikuek jakinarazi zuten presoa egonkor dagoela eta biopsia eta eskaner probak egin dizkiotela. Uribetxeberriak zazpigarren eguna egingo du gaur gose greban. Presoak astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den "muturreko egoera" salatzeko. Uribetxeberriak minbizia du, metastasiarekin.

Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiak azaldu duenez, medikuen diagnostikoaren arabera abiatuko litzake edo ez Uribetxeberria baldintzapeko askatasunean uzteko prozedura. Behin medikuen txostena jasotzen dutenean eta bertan presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela frogatzen bada, espetxeko mediku batzordeari dagokio presoaren askatasuna eskatzeko idatzizko proposamena egitea. Ondoren, Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzari dagokio proposamen hori onartzea. Eta azkeneko erabakia Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak luke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.