Iruñerriko zaborra Gongoran (Nafarroa) dagoen sailkatze plantara eramaten dute egun, eta materia organikoa zabortegian lurperatzen dute. Europako Batasunak, ordea, agindu du 2009a baino lehen nabarmen murriztu behar dela tratatu gabe lurperatzen den hondakin organikoen kopurua. Aratzuriko biometanizazio plantaren %70 egin dute jada, baina ez diete martxan jartzen utzi, eta orain Iruñerrian sortzen diren 55.000 hondakin tonekin zer egin erabaki beharko du mankomunitateak.
Etorkizunari begira, Iberok esan du orain hondakinak non tratatu erabaki beharko duela mankomunitateak, eta dituzten aukeretatik egokiena hautatu beharko dutela: «Irailean Iruñerriko Mankomunitatea elkartuko da eta zer egin erabaki beharko dugu. Bi aukera daude: Iruñerriko zaborra Tuteran dagoen El Culebreteko biometanizazio plantara eramatea edo hondakinak tratatzeko dauden beste aukerak aztertzea. Adibidez, Europako herrialde askotan materia organikoa errausten dute, eta, agian, hemen ere horrelako aukerak aztertu beharko genituzke». Dena den, presidenteak argi utzi du haiek lasai daudela, oraindik erabakiak hartzeko denbora «asko» daukatelako. «2009. urtera arte irtenbide bat aurkitzeko denbora daukagu. Dena den, lasai eztabaidatu beharko dugu zein den aukerarik egokiena».
2003ko uztailean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Aratzuriko biometanizazio planta ireki zitekeela erabaki zuen. Auzitegi horren arabera, Espainiako 1961. urteko legeak plantak gertuen duen herria gutxienez 2.000 metrora egon behar duela esaten duen arren, Nafarroak ditu esparru horretan eskumenak, eta ondorioz, lege hori ezin da Nafarroan aplikatu. Hala eta guztiz ere, Aratzuriko Kontzejuak eta Oltzako Udalak ez zuten amore eman eta helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Horrela, Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2005eko urrian biometanizazio planta behin-behinean itxi zuen, Espainiako Auzitegi Gorenak 61eko legea Nafarroan ere aplikatu behar zela adierazi zuenean.
18 MILIOIKO AURREKONTUA. Aratzuriko biometanizazio planta egitekoaurrekontuan aurreikusitako 18 milioi eurotik 11 inguru gastatu dituzte biltegiak eta eraikinak egiten, eta beharrezko teknologia erosten. Iberok esan du ez dutela inbertitutako diru guztia galduko. «Egindako inbertsioaren %40 inguru Gongorako hondakinen plantan gastatu dugu, eta Aratzurin dauzkagun tresnak beste planta batzuetan erabiliko ditugu. Beraz, ez dugu erositako teknologia erabili gabe utziko».
Aratzuriko Kontzejuak dio mankomunitatearen «burugogorkeriarengatik» 11 milioi euro galdu direla
Joaquin Latasa presidenteak gogorarazi du Aratzuriko herritarrak beti egon direla plantaren aurkaasier velez de mendizabal
Aratzuri
Aratzuriko presidente Joaquin Latasak adierazi du mankomunitateak bazekiela biometanizazio planta «legez kanpokoa» zela eta haren «burugogorkeriagatik» 11 milioi euro galdu direla. Gogorarazi du 2005. urtean Nafarroako Auzitegi Nagusiak planta behin-behineanixteko agindu zuela eta «ez dela harritzekoa» orain Espainiako Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia.
Latasak esan du arrazoi askorengatik aurkeztu zutela planta irekitzearen aurkako helegitea. «Hasteko, ez du legea betetzen, Aratzuritik gutxienez bi kilometrora egon beharrean 675 metrora dagoelako. Gainera, ez zuten kontuan hartu plantak ingurumenean izango lukeen eragina. Horrez gain, ibaia plantaren ondoan dago, eta euri asko eginez gero, ingurua urpean gera daiteke».
Era berean, Kontzejuko presidente Joaquin Latasak uste du«presio politikoak» egon zirela Nafarroako Auzitegi Nagusiak planta irekitzea legezkoa zela erabaki zuenean. «Nafarroan planta legezkoa zela esan zuten hasieran, eta ondoren, Madrilen kontrakoa adierazi zuten. Hori oso esanguratsua da, eta ziur nago lehenengo erabaki horretan presio politikoak egon zirela», ziurtatu du kontzejuko presidenteak.
2005ean mankomunitateak akordioa eskaini zion Aratzuriko Kontzejuari; urtero 40.000 euro emango zizkien biometanizazio planta irekitzea onartzearen truke. Herritarrek erreferenduma egin zuten eta gehienak akordioa onartzearen aurka azaldu ziren. «Mankomunitateak akordioa eskaini zigun, eta guk erantzun genien lehenengo herritarrekin eztabaidatu behar genuela. Herriko biztanleek argi utzi zuten, eta mankomunitatea, erreferendumak egitera ohituta ez dagoenez, gurekin haserretu zen, adostutakoa bete ez genuela leporatuz», azaldu du Latasak .
HERRITARRAK, POZIK. Herritar gehienak pozik azaldu dira Auzitegi Gorenak hartutako erabakiarekin.Planta ireki izan balitz zarata eta eragozpen asko jasango lituzketela uste dute. «Aratzurin nahikoa daukagu araztegia edukitzearekin, eta ez dugu nahi hona hondakin gehiago ekartzea. Gainera, plantak ez zuen legea betetzen, eta horregatik bidezkoa iruditzen zait ixteko eskatzea», adierazi du emakume batek. Herriko beste biztanle batek, berriz, azpimarratu du mankomunitateak ez duela herritarren iritzia kontuan hartu.
«Aratzurin nahikoa daukagu araztegiarekin, eta ez dugu nahi hona hondakin gehiago ekartzea»
aratzuriko bizilagun bat
«Nafarroako Auzitegi Nagusiaren lehenengo erabakian presio politikoak egon zirela uste dut»
joaquin latasa
Aratzuriko Kontzejuko presidentea