Eusko Jaurlaritzak Efe agentziari emandako datuen arabera, araututako 1.710 etxebizitza turistiko daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Erdiak baino gehiago Gipuzkoan erregistratu dituzte: 1.100. Gainera, Donostian daude horietatik 889.
Bizkaian 544 etxe erregistratu dituzte, eta Araban, berriz, 66. Urtebete da Eusko Legebiltzarrak Turismo Legea onartu zuenetik, eta arau horretan jasotzen da etxeen erregistro bat egin beharra. Legearen arabera, etxe turistikoak dira oporraldirako edo turismorako helburuekin iragarri edo komertzializatutakoak, "jabeak beste bati behin-behinean utzita, modu errepikatuan".
Hamar hilabete daramatza zabalik Enpresa eta Jarduera Turistikoen Erregistroak. Jaurlaritzako iturriek zabaldu dutenez, erregistratutako etxeak gainbegiratuko dituzte, frogatzeko, Turismo Legeaz gain, udaletako araudiak ere betetzen dituztela. Horretarako, Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila hasia da udalei bidaltzen beren udalerrietan dauden etxebizitza turistikoen zerrendak.
Jaurlaritza, berriz, azterlan bat prestatzen ari da, argitzeko zenbat etxebizitza ari diren legez kanpo turistiko gisa erabiltzen. Espero da aurki ezagutzea txosten horren ondorioak.