«Gaur egun ETAren arazoa ez da soilik poliziala. Saihestu ezin dugun dimentsio politikoa dauka». Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren hitzak dira. Hala, onartu egin du arazo politikoa dagoela: «Horregatik, zuhurtasunez, inteligentziaz eta diskrezioz jokatu behar dugu», esan zuen atzo Espainiako Diputatuen Kongresuan. Rosa Diez UPDko diputatuaren galdera bati erantzunez egin zituen hitzok Fernandez Diazek. Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko eskatu zion Diezek PPren esku dagoen Espainiako Gobernu berriari.
Amaiurreko diputatuak aurrean zirela izan zuten eztabaida Rosa Diezek eta Jorge Fernandez Diazek. Koalizio abertzaleko ordezkariek ezin izan zuten entzun besterik egin, UPDren galdera bat zenez, gainerako alderdiek parte hartzeko aukerarik ez zutelako. Nolanahi ere, Xabier Mikel Errekondo bozeramaileak osoko bilkuraren ondoren hitza hartu zuen, eta azpimarratu zuen baikorra dela gobernuak «politikatik» lan egin behar dela esatea, beraiek ere halaxe uste dutelako. Behin arazo politikoa dagoela onartuta, Errekondok nabarmendu zuen hari irtenbide politikoa ematea dela egin beharrekoa: «Gatazkaren erroetara jo behar da, eta, horretarako, funtsezkoa da alde guztien arteko elkarrizketa sustatzea». Ezin dela inor kanpoan gelditu eta ezin dela inor baztertu nabarmendu zuen: «Konponbiderako, guztiok gara ezinbestekoak».
Fernandez Diazek ez zuen guztien arteko elkarrizketari buruz hitzik egin, baina ETAk borroka armatuari amaiera emateko erabakia iragarri osteko egoera «kudeatzen jakin» egin behar dela ohartarazi zuen: «Ezin dugu erabateko gaitasun operatiboarekin hiltzen, beldurtzen eta extorsionatzen zuenean bezala jokatu orain». Berak argi dauka: «Garaipen poliziala demokrata guztion garaipen politiko bilakatzen jakin behar dugu, eta ez mundu hori txalotzen aritu direnen garaipena».
Horregatik, Amaiur eta Bildu legez kanpo uzteko bidea abiatu edo ez erabaki aurretik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz erabakitzen duenaren zain egongo direla azaldu zion Fernandez Diazek UPDko diputatuari. Gogora ekarri dio Konstituzionalak atzera bota zuela Bilduren baliogabetzea. Hala, honako galdera hau egin zion Diezi: «Ez al zaizu zuhurra eta inteligentea iruditzen Konstituzionalak Sorturi buruz zer esaten duen zain egotea, bere doktrina aldatu duen edo ez ikusteko?». Hala, politikoki «nazka» ematen diena eta «juridikoki posible dena» ez nahasteko eskatu zion. Gainera, Barne ministroak abisu eman zuen Segurtasun Indarrek ETAren kontra egiten jarraitzen dutela, eta Bilduren eta Amaiuren kontra egiteko elementuak bilatzen ari direla.
Koldarkeria egotzi zion UPDk
UPDko diputatua ez zen, ordea, gustura geratu Barne ministroaren erantzunarekin. «Koldarra» izatea egotzi zion, eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain ez egoteko eskatu. «Ez zaitezte zain egon, har ezazue ekimena. Zuk zuhurtasuna deitzen duzunari koldarkeria dei niezaioke nik. Irabaztera ausartzen ez direnek beti galtzen dute». Fernandez Diazi ez zitzaion batere gustatu koldar deitzea: «Agian, zu zara oportunismo politikoa eta Zuzenbide Estatua babestea nahasten dituena», esan zion.
Gainera, PPk berak beste gai batzuetan desberdin jokatu duela ekarri zion akordura Rosa Diezek Fernandez Diazi, Konstituzionalak Abortuaren Legearen inguruko erabakirik hartu ez duen arren PPk iragarri baitu hura aldatu egingo duela. Rosa Diezen iritzian, PP ez da ari eskura dituen tresna guztiak erabiltzen «zuzenbide estatuaren etsaien kontra egiteko». Bilduren eta Amaiurren kontra egiteko «aukera, eginbeharra eta obligazioa» dituela ohartarazi zion.
Arazo politikoaren existentzia onartu du Fernandez Diazek
Arazo politikoari irtenbide politikoa eman behar zaiola azpimarratu du Errekondok, eta denen arteko elkarrizketa behar delaBilduren eta Amaiurren kontra egiteko eskatu dio UPDk Barne ministroari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu