ZIRKULAZIOA

Arazo zaharren neurri berriak

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ezartzear den zirkulazio araudi berriak erreakzio ugari eragin ditu dagoeneko

Jon Benito.
DONOSTIA
2003ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 21ean, Espainiako Ministroen Kontseiluak Zirkulazio Araudi Orokor berria onartu zuen. Datorren ostegunean jarriko da indarrean araudi hori, urtea hasiz bat. Araudi berria arrazoitzeko, hau esan zuen Espainiako Gobernuak: 1992tik etengabe zuzendu bai baina berritu ez den araudia ordezkatzeko garaia iritsia da. Aldaketaren aurrekari gisa, hainbat neurri onartu zituzten Espainiako agintariek 2001ean; besteak beste, sakelako telefonoen erabilera arautzekoa. Urtarrilaren 1ean indarrean jarriko den araudiak, berriz, aurreko legeak araudigileen ustez zituen hutsune batzuk bete eta neurri berriak ezartzea du helburu. Neurri berri horiek txirrindulariei, erabili beharreko txaleko islatzaileei eta hiru urtez azpiko umeei eusteko neurriei lotuta daude nagusiki. Araudi berrian garrantzi berezia izango du zuhurtziarik gabe gidatzeak eta, aurrerantzean, alkohol eta drogen eraginpean gidatzea falta larritzat hartuko da.

Proposamenak eta kexuak

Zirkulazio Araudi Orokor berriak erreakzio ugari sortu ditu dagoeneko, oraindik ezartzeke dagoen arren. Batzuen ustez, neurriok berandu datoz, eta berrikuntza gutxi dakartzate. Neurri askok txirrindulariei eragiten diete, eta txirrindulari elkarteek hainbat zuzenketa proposatu dituzte legea osatzeko. Auto erabiltzaileen elkarteak ere kexu agertu dira, txaleko islatzaileen erabilera derrigortzearekin bat txalekoen salmentarekin «negozioa» egin nahi duenik badela iritzita. Zigor neurriak ez ezik, heziketa neurriak indartzeko ere eskatu dute.

g TXIRRINDULARIEN PROPOSAMENAK: Bizikletaren Lagunak elkartearen barnean dago Gasteizko Bizikleteroak taldea, eta, beste hainbat txirrindulari elkarterekin batera proposatu dituen zehaztapenen artean garrantzitsuena, bere ustez, txirrindulari bat edo txirrindulari talde bat aurreratzeko orduan errepideko beste lerrora aldatu beharra zabaldu beharko litzateke auto gidarien artean. Bestetik, Zirkulazio Araudi Orokor berriak bizikletaren erabilera ere sustatu beharko luke, Gasteizko txirrindulari elkartearen ustez, segurtasun arrazoiengatik ez ezik, pertsonen osasun fisiko eta mentalarengatik ere. Kaskoa derrigorrez erabiltzeak kalteak ala onurak dakartzan berriz planteatzeko egokitasuna ere aurkeztu zioten Espainiako Parlamentuari, Europan kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa ez dela ikusirik. Derrigorrezko kaskoak bizikletaren erabilera sustatzeko orduan eragin dezakeen eragozpena eta sortzen dituen lege arazoak ere kontuan hartu beharko lirateke, txirrindulari elkarteen ustez. Txirrindularientzako bide gehiago egin behar direla nabarmentzeaz gain, bide bazterrak hobetu eta mantendu egin behar direla azpimarratu zuten. Gainera, txirrindulari elkarteek kezka adierazi zuten, bizikletentzako argiketa araudi berriak eta gidariek erabili beharreko jantzi islatzaileak txirrindulariengan sortzen dituen eragozpenengatik. Horrekin batera, txirrindulari eta oinezkoek duten lege babes eskasa ere salatu nahi izan zuten: oinezkoek Espainiako trafiko araudian jasaten duten bazterketa gogoratu zuten, eta zirkulazio araudian beste ikuspegi bat ere sartzeko eskatu zute, motordunen trafikoan bakarrik oinarritu ez dadin.

g RACVN: RACVNko (Hego Euskal Herriko Automobil Kluba) Amparo Lopezentzat, bideko segurtasun arauetan dauden neurriak «zuzenak» dira auto istripuak prebenitzeko helburuarekin hartu badira, betiere. Hala ere, RACVNk errepideko heziketaren aldeko apustua egiten du,eta, bertako kideen ustez, urtearen hasieran indarrean jarriko den zirkulazio arautegi berriak«ez du zigor erregimenaren gogortze hutsean geratu behar». Lopezen ustez, zirkulazio arautegi berria egin izana «azkenaldian gertaturiko istripu kopuru larriari zor zaio» bereziki. RACVNko arduradunak adierazi zuenez, «Europako lehen postuetan» gaude gaur egun istripu kopuruari dagokionez.

Gidabaimena puntuka lortzeko aukera aztertzen hasi dira





Heziketa neurri berriak ezartzea ere aurreikusten dute azaroaren 21ean onartu zen araudi berriaren barruan

Jon Benito - Donostia

Gidabaimena puntuen bidezlortzeko modua ikertuko duen txostena onartu zuten hil honen hasieran Espainiako Kongresuaren Justizia eta Barne ministerioen Batzordean. Sistema horren erabilera baztertu zuen 2001. urtean Espainiako Gobernuak, baina, orain, gidabaimena puntu bidez lortzeko egokiera eta eredu berri horri lotutako berreziketa neurri berriak ezartzea aztertuko dute. Hala ere, puntu bidezko sistemaren aldeko apustu zehatzago bat egiteari uko egin zion PPk, oposizioko hainbat taldek bestela eskatu zioten arren.

Zirkulazio Araudi Orokor berrianjasota zegoen errepide heziketa eskola irakasgaien barnean sartzeko txosten bat egitea. Era berean, zirkulazio legeak errespetatu daitezen, zabaltze kanpainak indartu; arau horiek betetzen ez dituzten gidariak gaitzetsi; eta gehiegizko abiadura eta gidatze ausartegia bultzatzen duten iragarkien aurkako isunak indartzea ere proposatu zuten. Heziketa planen aldaketen arloan, aurrerantzean formazio eskoletan gutxieneko ziklo teoriko eta praktiko bat ezartzea jaso dute. Gainera, Espainiak hartzen dituen herrialde guztietan azterketen tasak berdintzeko ere eskatuko da.

Lizentzia kentzeko proposamena

Neurri berrien artean, bi arau-urratze larri edo oso larri egiten dituzten ziklomotore gidariei lizentzia kentzeko proposamena ere egin zuten. Era berean, istripu kopuruaren igoeran eragin dezaketen patologiak hobeto kontrolatzeko formulak bilatzeko konpromisoa ere hartu zuten. Azpiegiturei dagokienez, errepideetako «gune beltzak» kentzeko lanean jarrai dezala eskatu zion Espainiako Zirkulazio Azpibatzordeak Gobernuari, eta seinaleak berrikusi eta errepideetako segurtasuna hobetzeko ikerketak ere egingo dituzte.

Puntuzko gidabaimenaren filosofiak, birziklatze ikastaroen bidez, berreziketa neurriak proposatzen ditu puntu guztiak galdu dituzten gidarientzat. Datorren ostegunetik aurrera, bi urtean hiru arau-urratze oso larri izan dituztenei gidabaimenaren urtebeterako kenduko diete.

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako esperientzia





Herrialde horietan 1992tik dago indarrean puntukako gidatzeko baimena, «gidatzeko modu baketsuagoa» sustatzearren

Hartzea Lopez Arana - Baiona

«Pedagogia eta prebentzioaren bidez, gidatzeko modu baketsuagoa sustatzea» zen, Frantziako agintarien aburuz, puntukako gidatzeko baimenaren sortzea. 1992ko uztailaren lehenean ezarri zen martxan, dekretu baten bidez, eta munduko beste leku batzuetara hedatu da formula hori: Alemaniara, Italiara, Erresuma Batura, Japoniara, AEB Ameriketako Estatu Batuetako hainbat estatutara eta Kanadako probintzietara, esate baterako.

Puntukako sistema horren arabera, gidatzeko baimena duen orok 12 puntu ditu eta, errepidean arau-urratze edo delitu bat (edo gehiago) eginez gero, puntuok sistematikoki kentzen joango zaizkio. Abiadura handiegian ibiltzetik alkoholemia tasa gainditzera; sakelako telefonoa erabiltzetik segurtasun uhala ez eramatera... Puntu batetik seira sailkatzen dira faltak, bakoitzaren garrantziaren arabera. Puntuak bi prozeduraren bidez kenduko dira: estatuko Barne Ministerioari ordainduriko isunaren bidez edo erabaki judizial baten haritik. Gehienik zortzi dira batera ken daitezkeen puntuak, gidatzaileak denbora berean falta bat baino gehiago egin baditu. Baionako suprefeturako arduradun Txelletxearen arabera, «funtzio pedagogikoa baitezpadakoa da, baina punturik gabe eta, horren ondorioz, gidatzeko baimenik gabe gelditu diren askok gidatzen segitzen dute». Izan ere, puntu guziak galduz gero, sei hilabete itxaron behar dira berriz ere gidatzeko baimena lortzeko azterketak egin ahal izateko, baldin eta kontrol mediko eta psikotekniko batek gidaria horretarako gai dela onartzen badu. Puntu guziak galdu baino lehen, banaka errekuperatzeko parada ere eskaintzen zaio gidariari, «sentsibilizazio formakuntzak» eskainiz. Baina, horretarako, hiru urtez ezin da inolako beste faltarik egin.

2002ko zenbakiak

Frantziako Barne Ministerioak gidariei kentzen zaizkien puntuen zenbaketa zehatza egiten du urtero. Publiko egin diren azken emaitzak 2002. urtekoak dira eta, guztira, urte hartan3.100.966 puntu kendu zituzten. Puntuak kentzeko egin diren txostenen %80,5 gizonen kontrakoak izan ziren. Alde horretarik, aurreko urteekin alderatuz, ezberdintasun guti dago. Bestalde, 26-35 eta 36-50 adin artekoei kendu zitzaien puntu gehien. Arau-urratze nagusia abiadura handiegiz joatea zen (falten %47,09), atzetik segurtasun uhalaren ez jartzea zetorren. Alkoholemia tasa gainditzea bosgarren postuan zetorren sailkapenean. Iaz gidatzeko 13.601baimen baliogabetu zituzten, eta 847.126 baimenek 12 puntuak berreskuratu zituzten.

Sistema horrek ez du, hala ere, funtzio pedagogiko soila betetzen, eta Errepideetako Segurtasuna erakunde ofizialaren txosten batean honako hau irakur daiteke: «Erreforma honen helburua puntuen kentzea bizkortzea da, prozedura judizial luzeak ekiditeko». Frantziako jurista zenbaitzuek sistema kritikatu dute. «Ez du defentsaren eskubidea kontuan hartzen, eta prebentzioa baino gehiago errepresioa duelako marka nagusi».

Txaleko islatzailearena «negozioa» ote?





Jantzi islatzaileak erabiltzeko araua da zirkulazio araudi berritik zalaparta gehien eragin duena. Istripua izan dutenei laguntzera irtenda, autoa konpontzen jarrita edo argi gutxiko errepideetatik ibiltzean ibilgailuek harrapatutakoak asko izaten direlako ezarri ei dute. Kexu agertu dira auto erabiltzaile elkarte batzuk, esanez txaleko islatzailearena «negozio bat» eta «erabiltzailea ekonomikoki are gehiago estutzeko modu bat» dela. Txaleko islatzaileak jada salgai daude saltoki handietan eta farmazietan, eta 10 eta 14 euro arteko salneurria dute. Lehenago triangeluekin ez bezala, ez da arazorik izango hauek erosterako orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.