Eguraldia

Arazoak eragiten ari da eurite mardula Gipuzkoa ekialdean

Urumea, Bidasoa eta Oiartzun ibaiei begira daude larrialdi zerbitzuak; A-8 parean, Irunen, zirkulazioa eten dute

Irungo Txinguko ikastetxeko jolastokia, gaur goizean, urak hartuta.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 12a
17:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Larrialdien Arretarako Zuzendaritzak abisu horia ezarria du Gipuzkoa ekialdean, eurite mardulen beldur; metro koadroko 60 litrotik gora bota ditzakeela esan dute, 80 litrora ere hel daitekeela, eta  neurriak hartu behar direla. Gauerdia bitartean egongo da indarrean abisua. Eta iragarpenetan ez dira oker ibili adituak; hain justu, goiz guztian ugari bota du euria, eta arazoak hasi dira hainbat tokitan. A-8 parean, Irunen, zirkulazioa eten behar izan dute luizi baten ondorioz. Jaizubia parean, berriz, oso hazita doa bertatik igarotzen den erreka, eta inguruko errepide bat itxi egin behar izan dute. Hantxe, eten egin dituzte eskolak Txingudi ikastolan, badaezpada ere. Olaberria auzoan ere izan dira arazoak.

Bidasoa, Oiartzun eta Urumea ibaiei begira daude larrialdi zerbitzuak. Urumeako ibai adarra da Añarbeko urtegiaren iturri nagusia, eta neurriak hartzen hasi dira bertan ere: urak husten hasi dira gaur, zer gerta ere. 14:30ak arte jardunbide horretan arituko direla adierazi dute urtegiko arduradunek.

Autoilarak luzeak errepidetan

Euriteen ondorioz goizean autoilara luzeak sortu dira Tolosan, N-1 errepidean, eta Irunen, A-8an. N-1 errepidean, Tolosa parean, kamioi batek artaziarena egin du eta gurutzatuta gelditu da. Ondorioz, itxita egon dira ezkerreko lerroak, bai Donostiarako bidean, baita Gasteizerakoan ere.

Irunen, itxita egon da A-8 autobidea, Donostiarako bidean. Lurjausia izan da autobideko 3. kilometroan, eta bi kilometroko autoilarak eratu dira. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak eta Nafarroako Foruzaingoak arreta berezia eta abiadura moteltzea eskatu dute, euriteengatik.

Hondarribian, itxi egin dute Guadalupeko gainerako errepidea, luiziengatik.

Bihar goizean ere euria asko egingo duen kezka dago eta 09:00etatik 12:00etara abisu horia ezarriko dute berriro. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Imanol Lasa eledunak esan du adi daudela, eta baliabiderik ez dela faltako sortzen diren arazoei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.