Arcelor Mittalen Zumarragako lantegian ere azaldu dira gai erradioaktiboak

Orain astebete gai bera atzeman zuten Olaberriko lantegian; CSNk dio ez duela arriskurik

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Orain astebete Olaberriko (Gipuzkoa) lantegian gertatu bezala, erradioaktibitatea antzeman dute Arcelor Mittalek Zumarragan (Gipuzkoa) duen lantegian. Aurkitu duten gai erradiaktiboa Olaberrian aurkitu zuten bera da: Zesio-137a.

Altzairu fabrikako ke hautsa garraiatzen ari zen kamioi batean antzeman zuten erradioaktibitatea, herenegun. Protokoloari jarraituz, fusio labea geratu zuten, eta kamioei irtetea debekatu zieten. Ondoren, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari (CSN) abisua eman, eta ikerketa hasi zuten. Lehen analisien arabera, Zesio-137aren fusioak eragin du erradiazioa. «Baina gertatutakoak ez du eragin erradiologikorik izan, ez langileentzat, ez biztanleentzat,ezta ingurumenarentzat ere», dio CSNk.

Duela astebete Olaberriko lantegitik Erandiokora (Bizkaia) joandako kamioi batean aurkitu zuten gai erradioaktibo bera. CSNk orduan ere adierazi zuen gertatutakoek ez zuela eraginik ez naturarentzat, eta ez pertsonentzat.

Baina Ekologistak Martxan taldeak ikerketa eskatu zuen erradioaktibitatea kontrolatzeko sistemen inguruan. Salatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erradioaktibitatea neurtzeko hiru gune daudela, eta bakar batek ere ez zuela kamioiko zesioa antzeman. Gainera, gogorarazi zuen Zesio-137a kutsagarri erradioaktiboa oso arriskutsua dela, eta oso erraz lurruntzen eta zabaltzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.