politika

Ardanza lehendakari ohia erietxera eraman dute, bihotzekoa izanda

Helikopteroz eraman dute etxetik Galdakaoko ospitalera, arteria garbitu diote eta ZIUn daukate. Egun Euskalteleko presidente da, eta gaur Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak osatutako ekonomia aholkularien bileran parte hartzekoa zen.

2010eko martxoaren 3a
14:18
Entzun
Jose Antonio Ardanza (Elorrio, Bizkaia, 1941) Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta Euskalteleko buruzagia Galdakaoko erietxean ingresatu dute gaur 8:50etan, bihotzekoa izan baitu zortziak aldera, medikuek diotenez. Larrialdiko zerbitzuek eraman dute ospitalera, helikopteroz, Gautegiz-Arteagatik (Bizkaia), bere etxetik. Nolanahi ere, korderik ez duela galdu agertu dute haren hurbileko iturriek.

Arteria garbitu diote, halakoetan egin ohi den moduan, mediku taldearen arabera. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) daukate Ardanza, eta bertan egongo da bi-hiru egunez.

Krisi ekonomikoa dela-eta gaur Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak osatutako aholkulari batzorde bereziaren aurreneko bileran parte hartu behar zuen hark.

1985etik 1999ra izan zen lehendakari Ardanza EAJko kidea. Carlos Garaikoetxea ordezkatu zuen eta bere partez Juan Jose Ibarretxe jarri zen. 1983an Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zuten. 1979an Arrasateko (Gipuzkoa) alkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.