«Azkenean, XIX. mendearen amaieran euskaldunen parte handi batek amestu zuen hura begiztatzen hasi gara». Horiexek dira Jose Antonio Ardanza. Euskadi bihotzean liburuko lehen hitzak; 14 urtez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zenak, bere bizipenak jasota egindako lanaren hitzaurreko lehen berbak. Egungo egoerarekiko baikor agertu da oso, liburuaren aurkezpenean. Oso pozik, «zoriontsu» dagoela esan du, urte luzetan amestu duena iritsi dela sentitzen duelako. Indarkeriarik gabeko egoera, eta «aukera politiko guztiek» bozetan parte hartzeko aukera izanda, «ideia guztiek eztabaida politikoan lekua dutena». Hartutako bidean aurrera egingo dela seguru dago, gainera; atzera bueltarik ez dagoela. «Egungoa bezalako egoera amesten nuen lehendakari nintzenean».
Lehendakari izan zen garaietan, 1985etik 1999ra bitartean, horixe izan zuen helburu nagusi, Ardanza beraren hitzetan. Ajuria Eneko hitzarmena du horren lekuko nagusitzat, azaldu duenez bakea eta normalizazioa baitzen 1988n ezker abertzalea bazterrean utzita «alderdi demokratiko guztiek» sinatu zuten akordioaren helburua. «Izugarria zen egoera, eta zerbait egin beharra zegoen».
Ajuria Eneko Itunaren isilekoa
Detailez kontatu du liburuan, garrantzia berezia eman dion akordio hura, itunaren sorreraren zergatia eta nolakotasuna. Eta, egun ere, balioa baduela defendatu du agerraldi publikoan, adibide batzuk aipatuta: «Gaur egun gauza batzuk ia bekatu, ia delitu dira, autodeterminazioari edo independentziari buruz aritzea, esaterako. Ajuria Eneko itunaren zortzigarren puntuak dio edozein proiektu defendatu daitekeela». Akordioaren bederatzigarren puntuaren edukia ere plazaratu du: «Gauza batzuk ez ziren argitara eman, baina gure artean adostuta zeuden, eta hitzartua genuen ETAkoek bide demokratikoetatik soilik aritzea erabakitzen bazuten, kartzelan daudenen indultuak errazten saiatuko ginela».
Gatazka gainditzeari begira nazioarteko adituen laguntzaren balioa ere goratu du. Ardanzak berak, txostena agindu zion nazioarteko talde bati 1986an. Baina garai latzak ziren; Hipercor-eko atentatua egin zuen ETAk, besteak beste, eta bere horretan geratu zen lana.
Ezagutzen ez diren beste sekretuen artean, Aljerreko elkarrizketa prozesuaren nondik norakoak bildu ditu liburuan. Prozesuaren porrota saihesteko egin zituen ahaleginak, edo, Felipe Gonzalez orduko Espainiako gobernuburuarekin zuen harreman onari esker, Espainiako Gobernuak nola ematen zion negoziazioen berri zuzena.
EAJren zatiketa nola bizi izan zuen ere azaldu du, eta, buruzagi jeltzaleekin, zein, besteak beste Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izandakoarekin zein Juan Carlos Espainiako erregearekin izandako harremana.
Baina ez ditu lehendakari garaiak soilik bildu. Haurtzaroraino itzuli da Ardanza, gerra ondorengo garaira; EGIn aritzeagatik klandestinitatean nola ibili zen kontatu du, eta nola bizi izan zuen Arrasateko alkatetza garai gogorretan. «Gogoratzen dut Ardanza, cabrón, irás al paredón pintaketa semeak ikusi, eta 'paredón' non zegoen galdetu zuenekoa».
«Bere bizipenen bidez garai hura koadro batean margotuta bezala erakutsi du», laburbildu du Ramon Perello editoreak.
Ardanzak aitortu du egungoa bezalako egoera bat amesten zuela lehendakari zela
Lehendakari ohia baikor agertu da oso egoera politikoagatik, bere bizipenak biltzen dituen liburuaren aurkezpeneanHaurtzarotik politikagintza utzi arteko historia aztertu du, ekarpen gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu