Jose Antonio Ardanzaren azken agintaldia izan zen 1995. eta 1999. urteen artekoa. Politikako lehen lerroan urte asko eman eta gero, jeltzaleak lehendakarigai izateari uko egin zion legealdia amaitu zenean, eta politika utzi egin zuen.
Eusko Legebiltzarreko bosgarren legealdiari zegozkion hauteskundeak 1994ko urriaren 23an egin ziren. Abstentzio maila inoizko handiena izan zen—parte hartzea %59,69koa izan zen—, eta jeltzaleena izan zen garaipena, alde handiarekin, gainera. EAJren garaipena ukaezina izan zen:aurreko legealdiko 22 eserlekuri eutsi zien, botoetan gora egin zuen—300.000 boto baino gehiago lortuta— eta PSE-EEri hamar puntu atera zizkion. Izan ere,sozialistek porrot handia izan zuten boz horietan, eta hamabi eserleku baino ez zituzten erdietsi. Hirugarren indarra izan zen HB, 11 eserleku lortuta; EAk zortzi izan zituen, eta Ezker Batua-Izquierda Unida berriro sartu zen Legebiltzarrean, sei legebiltzarkiderekin. Gora egin zuen, halaber, UAk, eta bost eserleku lortu zituen.
Hauteskunde horien emaitzek, baina, erabat zatituta utzi zuten Legebiltzarra,eta ordura arte izandako gehiengo osorik gabe geratu ziren jeltzaleak eta sozialistak. Hori hala, Ardanzak gobernurako bazkide berriak bilatu behar izan zituen. Hasieratik baztertu egin zuen PSE-EErekin batera bakarrik gobernatzea, haren asmoa gobernu «indartsu eta egonkorra» lortzea zelako. Beraz, PSE-EErekin ez ezik, EArekin negoziatzeari ere ekin zion EAJk, hiruko gobernua eratzeko asmoz.
Ardanzak berak eskatu zion EAJko zuzendaritzari bi alderdihoriekin negoziazio «diskretuak» hasteko. 1994ko azaroaren erdialdean ekin zieten elkarrizketa horiei. Sozialistek, lehen momentuan, errezeloz ikusten zuten EArekin hiruko gobernua eratzeko aukera, koalizioak ildo abertzalea har zezakeen beldur zirelako, baina, denborak aurrera egin ahala, jarrera malguagoa agertu zuten gai horretan. Bereziki Txiki Benegas eta Jesus Egiguren sozialistak agertu ziren hiruko gobernua eratzearen alde.
Nolanahi ere, akordioa lortzeko negoziazioak ez ziren errazak izan, EAJren eta PSE-EEren arteko harremanak korapilatu egin baitziren, eta azken unera arte ez zen posible izan ados jartzea. Besteak beste, sailen banaketak sortu zituen tirabirak sozialisten eta jeltzaleen artean. Hainbat bilera izan zituzten bi aldeek ados jartzeko, baina, egunek aurrera egin ahala, elkarrizketek ez zuten ez aurrera ez atzera egiten: PSE-EEk zioen EAJk egiten zuen eskaintza ez zela nahikoa, gobernu berrian sail garrantzitsuak kudeatu nahi zituelako.
Bilera eta elkarrizketa saio luzeen ostean onartu zuten sozialistek hiruko gobernua eratzea. Jeltzaleek euren jarrera malgutu ostean lortu zuten akordioa, 1995eko urtarrilean. Izan ere, sail batzuetan amore eman zuen EAJk, PSE-EEren mesedetan. Hamar sailburu izan zituen gobernu horrek: bost sail EAJren esku geratu ziren, PSE-EEk hiru kudeatu zituen, eta EAk, berriz, bi.
Hiruko gobernua eratzeko akordioa, gainera, harago joan zen, eta urte berean egitekoak ziren udal eta foru hauteskundeei begira, udaletara eta aldundietara zabaltzea adostu zuten hiru alderdiek.
Bakegintza, tirabiren iturburu
Legealdi osoa iraun zuen EAJ, PSE-EE eta EAren arteko akordioak. Haatik, ez ziren samurrak izan lau urte horiek, bakegintza alorrean izandako desadostasunek gorabehera ugari eragin baitzuten gobernuan. Lehendakariak Ajuria Eneko ituna HBri zabaldu nahi izateak, lehenik, eta1998an Ardanza plana izenez ezagutu zen bakegintzarako bide orria proposatu izanak, ondoren, PSE-EE Eusko Jaurlaritza uztera eraman zuten. 1998ko ekainaren 30ean gertatu zen hori, eta 1994an osaturiko hiruko akordioa bertan behera geratu zen. Urte bereko irailean, Lizarra Garaziko akordioa sinatu zen, eta, hil berean, ETAk su-etena hasi zuen.
Ordurako, Ardanzak iragarria zuen ez zela berriro lehendakarigai izango, eta legegintzaldiko azken egunean utzi zuen kargua. Juan Jose Ibarretxeren agintaldia hasi zen ordutik aurrera.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gobernu koalizioak eta akordioak (III). 1995-1999. Jose Antonio Ardanza.
Ardanzaren azken agintaldia
PSE-EE eta EArekin hiruko gobernua osatuta, gehiengo osoz agindu zuen EAJk lau urtez. Legealdiaren amaieran, Ardanzak uko egin zion berriro lehendakarigai izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu