«Kukutzan egindako lanak nire babesa du, eta, Herrizaingo Sailaren buru naizen aldetik, nire ardurapean egin ziren; Ertzaintzak Kukutzan egindako lanaz harro nago». Irailaren 21ean, Kukutza gaztetxea eraisterakoan, Ertzaintzak izan zuen jokabideari buruzko iritzia berretsi zuen atzo Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea eraistean eta hurrengo lau egunetan Ertzaintzaren jokabidea «proportzionala, profesionala eta eraginkorra» izan zela berretsi du.
Aralar, EA eta EBk Aresen agerraldia eskatu zuten, irailaren 21ean Kukutza husteko Ertzaintzak egin zuen operazioari buruzko azalpenak eman zitzan. Sailburuaren agerraldiaren aurretik, ordea, Kukutza: auzoaren 3 eguneko okupazioaren kronika bideoa ikusi zuten Herrizaingo eta Justizia Batzordean. Aresek eskerrak eman zizkien legebiltzarkideei, bideo horretan Ertzaintzak lana «ondo» egin zuela ikus daitekeela iritzita: «Manifestaldi baketsuak babestu zituzten, eta basatiak sartu zirenean, Ertzaintzak parte hartu zuen».
Kukutza gaztetxea husteko eta eraikinaren eraiste lanak babesteko Ertzaintzaren ekintzak, Bilboko Instrukzioko 6. zenbakiko auzitegiak eskatuta egin zirela nabarmendu du. Agindu horren aurka helegitea jartzeko aukera zegoela gogorarazi dio Aralarreko parlamentari Dani Maeztuk, eta gaztetxea husteko neurriak atzeratu zitezkeela gaineratu. Ordea, inolako errekurtsoren berri ez duela erantzun dio Aresek.
Bide batez, Kukutza husteko lanek zailtasun handia izan zutela berretsi du Aresek, eta hori irudikatzeko Ertzaintzak grabatutako irudiak erakutsi ditu. Beheko solairuan zeuden pertsonek baino ez zuten erresistentzia baketsua egin, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendariak azaldutakoaren arabera. Solairuak igo ahala «trikimailu» gehiago aurkitu zituztela gaineratu du: harriak jaurti zizkietela ertzainei, margoa, porlana zegoela...
«Gaizkile eta basatiak»
Kukutza hustu eta hurrengo egunetan gertatutako jazoerak gaitzetsi ditu Aresek: «Kukutza defendatzeko aitzakiarekin Errekalde auzoa bahitu eta, Ertzaintzak irteerak ireki zituen arte, blokeatu zuten gaizkile eta basatien jokabidea salatu nahi dut». Liskarrak eragin zituztenak «gaizkile, antisistema eta kale borrokaren nostalgikoen talde bat» izan zela gaineratu du. Irailaren 21etik 25era bitartean 64 pertsona atxilotu zituztela jakinarazi du, eta haietatik 34k aurrekariak dituztela erantsi.
Kukutza hustu ondoreneko istiluak gaitzesteko beharra nabarmendu du Aresek, eta sutsu eskatu die legebiltzarkide guztiei hori egiteko; nahiz eta legebiltzarkide guztiek, aurrez, salatu duten indarkeriaren erabilera.
Irailaren 21ean Herrizaingo Sailaren arrazoibidearekin bat egin ez zuten alderdien aurka ere egin du Aresek: «Jazoerak salatu ordez Ertzaintzaren jokabidea salatu zuten alderdi politikoen jarrera doilorra izan zen». Kukutza kolektiboari ere gertakariak gaitzesteko eskatu zion. «Kukutza proiektua ezin da defendatu ekintza basatien aurka agertu eta horiek gaitzetsi gabe».
Juanjo Agirrezabalak (EA) eta Mikel Aranak (EB) Kukutzan gertatutakoa tokian bertan ikusi zutela adierazi dute, eta Ertzaintza ezer egiten ez zuten pertsonei oldartu zitzaiela aurpegiratu diote Aresi. Hori «gezurra» dela eta Ertzaintza «behar izan zenean» baino ez zela oldartu erantzun du Aresek. Kukutza husteko eta lanak babesteko zenbat ertzain erabili ziren galdetu dioten arren, Aresek ez du azalpenik eman.
Tobogan tabernako gertakarien inguruan baino ez du amore eman Aresek legebiltzarrean. Tabernaren burdin hesia ostikoka bota beharrean, beste modu batean egin zitekeela aitortu du.
«Gezurrak eta hipokresia»
Errekaldeberriz auzo elkarteko eta Kukutzako ordezkariek, berriz, Aresen agerraldia kritikatu dute; legebiltzarrean emandako azalpenak eta zuribideak «surrealistatzat» jo dituzte, eta barkamena eskatzeko «galdutako aukera» bat izan dela gaineratu dute. «Beldurra ematen digu etorkizunean errepikatzeko gai izango ote diren, ez baitute ikasten», azaldu du Ricardo Padilla Errekaldeberriz elkarteko kideak. Auzoan irailaren 21etik aurrera bizitakoak gogorarazi ditu, eta salbuespen egoera batekin alderatu.
Ostiraleko azken gertakariak auzoak duen salbuespen egoeraren ondorio direla adierazi du Errekaldeberrizek, eta haien ondorioz epaitegietan irekitako prozesu guztiak artxibatzeko eskatu. Bide batez, Ares sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea erantzuletzat jo ditu, eta auzoari barkamena eskatu, okerrak onartu eta haien karguak uzteko galdegin diete Errekaldeberriz zein Kukutzako ordezkariek.
Bizkaiko ezker abertzaleak «neurrigabekotzat» jo du Ertzaintzak Errekalden izan zuen jokabidea, eta Ares zein Azkuna horren erantzule egin ditu. Errekalden frankismoaren garaiko jazoerak izan zirela gaineratu du.
Ares: «Harro nago Kukutzan Ertzaintzak eginiko lanaz»
Gaztetxea epailearen agindupean hustu zela nabarmendu du Aresek, eta azaldu du lau egunean 64 pertsona atxilotu zituztelaErrekaldeberrizek uste du sailburuak barkamena eskatzeko aukera galdu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu