Ares: «Orain arteko politikari eutsita, ETA 2020a baino lehen bukatuko da»

Jaurlaritzaren bide orria errepresioa izatea «onartezina» dela kritikatu du ezker abertzaleak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
ETAri amaiera data jarri dio Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, 2020rako bukatuta egongo dela iragarri baitu: «Hutsik egin ezean, egungo terrorismoaren aurkako politikari eusten badiogu eta guztiok norabide berean egiten badugu aurrera, ETA 2020. urtea baino askoz lehenago amaituko da». Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikastaroen barruan eman duen hitzaldian esan ditu hitzok Aresek.

ETAren indarkeriaren amaieraz baikor mintzatu da Herrizaingo sailburua. Hamar urte baino lehen indarkeria amaitu eta Euskal Herrian eta Espainian «bakea eta askatasuna» izango dela nagusi uste du Aresek. Azaldu du Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «terrorismoaren» aurka martxan jarritako politikei esker dagoela ETA «inoiz baino ahulago». Poliziaren eta justiziaren jardunaren, «irmotasun demokratikoaren» eta biolentziarekiko «tolerantziarik ezaren» ondorioz dago gertuago ETAren bukaera, Aresen irudiko. Halaber, Alderdien Legeak bide horretan asko lagundu duela gaineratu du, «hauteskundeetan parte hartzen ez uztean ohartu baitira ETAk oztopatzen dituela».

Horrez gain, Patxi Lopezen gobernuaren lana goraipatu du, orain «normaltasun eta askatasun gehiago» dagoela argudiatuz, eta ohartarazi du hori ez litzatekeela lortuko Ibarretxe oraindik lehendakari izango balitz.

Jaurlaritzari, kritika

Ezker abertzaleak, berriz, kritika zorrotzak egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Ohar batean salatu duenez, Lopez lehendakariak garai berrietarako duen «errezeta» atxiloketekin eta mobilizazioen debekuekinjarraitzea da. Ezker abertzalearentzat, PSE-EEk eta Jaurlaritzak tolerantziarik ez diete garai berriei, eta «itxikeriaz» eta gehiengo sozialaren borondateari bizkarra emanez jokatzen ari dira. Ezker abertzalearen ustez, «onartezina» da PSE-EEren eta Lopezen bide orria «errepresioa» izatea.

Euskal Herrian ireki den aro politiko berriak Eusko Jaurlaritzaren politikoen «norabide aldaketa garbia» eta «soluzioak» proposatzea eskatzen duela azpimarratu du ezker abertzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.