«Ertzainek erakutsitako profesionaltasuna eta proportzionaltasuna zoriondu nahi dut, egoera zail baten aurrean behar bezala erantzunez jardun dutelako. Baita Bilboko udaltzainen jarduna eskertu ere». Hitz horiek esan zituen atzo arratsaldean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Kukutza gaztetxearen hustearen inguruan. Izan ere, duela zenbait egun «Kukutzako kideek eraisteari modu baketsuan aurre egingo» ziotela esan bazuten ere, ez dela horrela izan salatu zuen Aresek. Porlanez betetako poltsak, harriak, pintura poteak eta beste hainbat objektu jaurtiz erantzun diete ertzainei, erantsi du Herrizaingo sailburuak.
Aresek azaldu zuenez, duela hainbat egun Bilboko epaitegiko seigarren aretoak udalaren eskaerari jarraiki Errekalde auzoan dagoen eraikina hustu eta eraisteko baimena eman zuen, bi eskaera egitearekin batera. «Batetik, Kukutza husteko agindua eman ziguten. Bestetik, eraikina eraitsi behar zituzten langileak ere babestu behar genituen», esan zuen. Horrez gain, gaztetxea berriro okupatzeko izan dezaketen asmoari aurre eginez Errekalde ingurua «kontrolatuta» egongo dela esan zuen.
Ertzaintzako agintariek «dispositibo garrantzitsu bat» prestatu zutela azaldu zuen. «Gure asmoa zen eraikina ahalik eta denbora tarte txikienean eta barruan bilduta zeuden kideei kalterik ez eginez hustea». Baina ezinezkoa izan zela erantsi zuen, hirugarren solairuan eta teilatuan zeudenek gogor erantzunez aurre egin zietela argudiatuz. Hala ere, lehen eta bigarren solairuan zeuden kideen jarrera baketsua nabarmendu nahi izan zuen Aresek. Bide horri jarraiki, datorren egunetan gaztetxearen alde izango diren elkarretaratzeetan modu baketsuan parte hartuz erantzuteko eskaera egin zuen Aresek.
Herrizaingo sailburuak esandakoarekin bat ez datozela adierazi dute Aralar, Ezker Batua eta Eusko Alkartasuna alderdiek. Horregatik, Legebiltzarrean Rodolfo Aresek eta Blanca Urgelelek argibideak eman ditzatela eskatu dute. Atzo goizean Ertzaintza Kukutza husten ari zenean Dani Maeztu (Aralar), Juanjo Agirrezabala (EA) eta Mikel Arana (Ezker Batua) bertan ziren, gertatzen zenaren lekuko zuzenak izateko asmoz. Hala ere, ertzainek ez zieten «polizia lerroa» zeharkatzen utzi.
Desadostasunak Ertzaintzan
Ertzain batzuk, ELA sindikatuaren partaide direnak, Aresek eta bere lan taldeak Kukutzaren aurrean izandako erantzunarekin ados ez daudela salatu dute hedabideei igorritako ohar batean. Jendearen «interes espekulatzaileak» babesteko ez daudela azaldu zuten idazki horretan. Gainera, Kukutzak auzotarren eta ingurukoen babes handia zuela argitu zuten, kalte baino mesede gehiago egiten dituela esatearekin batera.
«Guk guztiok, bai indibidualki bai kolektiboki, gure ekintzen ondorioez gogoeta egin beharra dugu», adierazi zuten. Horrez gain, galdera bat plazaratu zuten: «Horrela jokatzeko agindu digutenek ze interes edo behar dituzte guk auzo oso bati horrela aurre egin behar izateko?».
Ares: «Profesionalki eta neurriz jardun dute ertzainek»
Aresek eta Urgelek legebiltzarrean azalpenak eman ditzatela eskatu dute hainbat alderdik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu