Aresek berretsi du Nafarrate ez zela zauritu pilotakada baten ondorioz

Herrizaingo sailburuak legebiltzarrean esan du gaztea «erori» egin zela eta ertzainek ez zutela «gomazko pilota bat bera ere» jaurtiEAk egia argitzeko eskatu du, lekukoen bertsioa eta bideoen froga gogoan hartuta

Aresek Nafarrateren kasuaren berri eman behar zuen garai bertsuan, polizia gehiegikeria salatzeko eserialdia egin zuten hainbat herritarrek Eusko Legebiltzarraren aurrealdean.. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Xuban Nafarrate gazteari gertatutakoari buruzko bertsio ofizialari goitik behera eutsi dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Zenbait lekukok eta gazteak epaitegian aurkeztutako bi bideok frogatzen dutena ezeztatu du, eta azpimarratu du Nafarrate ez zuela Ertzaintzaren gomazko pilotakada batek zauritu:ertzainengandik ihesi zihoala «erori» egin zen eta buruarekin lurra jo zuen, Aresen arabera.

Nafarrate 19 urteko gaztea larri zauritu zen greba orokorra izandako egunean, Gasteizen, ertzainekin liskarra izan eta gero. Kolpe gogorra jaso zuen buruan, eta Gasteizko Santiago ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu behar izan zuten. Zehazki, buruaren ezker aldeko hezur parietalean hartu zuen kolpea, belarriaren ondoan. Gazteak eta hainbat lekukok diote pilotakada batek zauritu zuela.

EAk eskatuta eman ditu azalpenak Aresek Legebiltzarrean. Adierazi duenez, Nafarrate eta beste hainbat gazte atzematen saiatu ziren ertzainak eskopetarik gabe jaitsi ziren autotik, eta, gaztea lurrera «erori» zenean, ertzain batek borrarekin hanketan jo zuen. Azpimarratu du ertzainek ez zutela «gomazko pilota bakar bat ere» jaurti, eta tiro bakarra egon zela, baina pilotarik gabekoa.

Herrizaingo Sailak amaitua du gertatutakoaren ikerketa, eta epailearen esku utzi du esku artean zuen informazio guztia, sailburuak jakinarazi duenez. «Justiziak gauzak bere tokian utziko ditu». Aresek dio epaileari emandako informazioa ertzainek egindako atestatuetan jasotakoa dela, hau da, ez du aipatu lekukoen testigantzarik.

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak gogorarazi dio zenbait lekukoren bertsioak eta auzokideek grabatutako bideoek «erabat ezeztatzen» dutela Herrizaingo Sailak dioena. Buruan pilotakada bat jaso zuela frogatzeko bi bideo aurkeztu ditu Nafarrateren familiakGasteizko epaitegian; Aresek aitortu du bideo horiek ez dituela ikusi, baina «ziur» dela horietan ez dela ikusiko pilotakada batek Nafarrate zauritu zuela.

Azalpenak entzunda, «egia osoa» jakin arte ikertzen jarraitzeko eskatu dio EAkoak Aresi, lekukoen bertsioak hark esandakoarekin bat egiten ez duelakoan. Agirrezabalaren ustez, ezinbestekoak dira «gardentasuna eta argitasuna» Ertzaintzaren barruan.Ildo beretik mintzatu zaio Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidea ere, eta gardentasuna aldarrikatu du «zigorgabetasun mezuak» amaitzeko. Halaber, Ertzaintzarenaurkako kexuak ikertzeko batzorde independentea eskatu du Basabek.

PPk eta PSE-EEk bat egin dute Aresekin Ertzaintzari «ospea kentzeko kanpaina bat» antolatu dela salatzeko orduan. EAJk, berriz, barne mekanismoak indartzen jarraitzeko eskatu dio Aresi.

Herrizaingo sailburuak, bestalde, Ertzaintza «hobetzeko» hainbat neurri iragarri ditu legebiltzarrean, tartean, brigada ibiltarietako eta errefortzu brigadetako agenteen kopurua 450era handituko duela.

Cabacasen auzia

Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hildako Iñigo Cabacas gaztearen familiak parte hartuko du auzia ikertzeko Bilboko epaitegian zabalik dagoen prozedura judizialean. Hala, Fiskaltzarekin batera, akusazio gisa aurkeztuko da gaztearen familia, albiste agentziek jakinarazi dutenez. Cabacasen heriotza argitu eta erantzukizunak aztertu beharko ditu epaitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.