Gaur Gasteizen hasiko diren jaien harira, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Bildu koalizioari eskatu dio "festak ez baliatzeko ETAko presoen omenaldiak egiteko". "Konpromiso publikoak betetzeko" galdegin dio, "indarkeriatik behin betiko urrunduz eta iraganeko jarrerak alde batera utziz".
Gaur Gasteizen Zeledonen jaitsieran izango dira Bilduko buruzagiak, besteak beste Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin eta euskal presoen senide batzuekin.
Aresek festei begira erakunde guztiei eskatu die Ertzaintzari laguntzeko, eta kartelak, pankartak eta "terrorismoaren biktimen memoria iraindu" dezakeen guztia kentzeko. Presoen argazkiak jartzea debekatuta dagoela ere gogorarazi du Herrizaingo sailburuak.
Bilduren aktibitate publikoa ere deitoratu du Aresek, bereziki Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarena: "Hauteskundeetan ireki zuten bidean aurrera egin beharrean iraganeko jarrerara gerturatzen ari dira". Gainera, ziurtatu du gizartearen gehiengoak espero duena ez dela ETAri keinuak egitea, "terrorismotik behin betiko desmarkatzea eta ETAren desagerpena eskatzea baizik".
Eragindako minaz hausnartzeko ez itxaroteko eskatu diote Garitanori Aralarrek eta Ortuzarrek
Aralarrek biktimen arazoari irtenbidea ematea gatazkaren konponbidearen parte dela gogorarazi dio Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, eta ez dela gerorako utzi behar. Era berean, "zain ez egoteko" eskatu dio Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak Bildu koalizioari, eta "eragindako mina aitortzeko".
Atzo Garitanok esan zuenez, "gertatu denari eta bakoitzak jasotako eta eragindako minari buruz gogoeta egiteko eguna helduko da, baina hau ez da horretarako unea". Izan ere, "oraindik gatazka honetatik ateratzen ari gara".
Ortuzarrek indarkeriarik gabeko etorkizun politikorako pausoak emateko unea dela esan dio Bilduri: "Gogoetarako unea igaro da, egina izan behar luke; orain ekintzarako garaia da". Bilduri biktimei dagokienez "ezbaian" ibiltzea leporatu dio, eta "orain hauteskunde garaian baino zalantza gehiago ditu".
Aralarren iritziz, Garitanok "biktimen gaia" lantzeko garaia ez dela heldu esan izanak ez du inolako zentzurik, eta "deserosoa eta mingarria izan daitekeen errealitate horri aurre egin nahi ez izatea da". Aralar ez dator bat biktimek gehiago itxaron beharko dutela esatearekin, eta "gatazkaren alderdi guztietan eragiteko beharra" azpimarratu du.
Aralarrek gogora ekarri nahi izan dute preso eta biktimen arazoari irtenbidea bilatzea ez dela gatazkaren konponketaren ondorio, konponketa beraren "parte banaezina" baizik, eta ezin dela inola ere beste une baterako edo ondorengo fase baterako utzi. Haren ustez, "bakegintzaren oinarria" da gatazkari amaiera ematea, eta "ikuspegi etikoa berraskidetzerako ezinbestekoa da".