Aresek dio «oraindik» ez dutela aurkeztu mozioa

Valencianok adierazi du PSOErengatik Garitano ez litzatekeela izango Gipuzkoako diputatu nagusia

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak azaldu du «oraindik» inork ez duela aurkeztu Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren aurkako zentsura moziorik, eta gaineratu du Bildurekiko «exijentzia garaian» daudela.

Elena Valenciano Espainiako hauteskunde orokorretarako PSOEren kanpainako arduradunak, berriz, hau adierazi du: «Guregatik, Garitano jauna ez litzateke izango Gipuzkoako ahaldun nagusia. Ez da guregatik izan; guregatik izango balitz, ez litzateke izango».

Era berean, gaitzetsi egin ditu Garitanoren hitzak, eta esan du «ziurrenik moralgabekeria» izango direla eta, «legez kanpokoak» badira, «esan behar duenak» esango duela. «Bilduren proiektuak soilik zentzua du ETArekin irmoa bada, eta aginduta izan beharko lukeen egitekoa betetzen badu, hau da, ETAri indarkeria behin betiko utz dezala exijitzen badio», azaldu du Valencianok.

Gainera, adierazi du PSOEk «ia terrorismoa» amaitu duela, baina horrek ez duela esan nahi «independentismoa» amaitu denik. Haren esanetan, hori «bozetan, politikan eta, beharrezkoa izango balitz, zuzenbide estatuaren instrumentuekin borrokatu behar da».

«Okerrenetan okerrena»

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, azaldu du Garitano «okerrenetan okerrena» eta «dagoen gaiztoena» dela. Gaineratu du «batzuk itsututa» egon direla «azken hilabeteetan», eta hori dela «gertatzen dena».

Hori dela eta, PP «egin behar dena» egiteko prest dagoela esan du «beldurraren historia justifikatzen dutenek eta ETAri desagertzeko eskatu ez diotenek agindu ez dezaten». Balizko mozioari dagokionez, hau gaineratu du: «Eguna eta ordua esan dezatela, eta PP prest egongo da».

Hori horrela, Basagoitiren ustez, «Euskadik beste erreferente moral, politiko eta instituzional batzuk behar ditu bakea askatasunarekin lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.