Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Aresek Herrizaingo sailburu izateari utzi dio, PSEren kanpaina gidatzeko

Buruzagi sozialista harro azaldu da euskal presoen argazkiak kaleetatik kentzen Ertzaintzak egindako lanagatikJustizia eta Herrizaingo sailak Idoia Mendiaren esku geldituko dira, bat eginda

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Legez bateragarriak izan arren, «etikoki eta politikoki» bateraezinak dira Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu izatea eta PSE-EEren hauteskunde kanpainaz arduratzea, Rodolfo Aresen irudiko. Horregatik, gobernuko ardura uztea erabaki du. Esan du «asko pentsatuta» hartu duen erabaki «zaila» izan dela, baina seguru dagoela erabaki zuzena dela. Harro azaldu da egindako lanaz, eta hutsak ere egin dituela esan arren, autokritika gutxi egin zuen atzo, erabakia jakinarazteko prentsaurrekoan.

Iñigo Cabacasen auziari erreferentzia egin zion hitzaldiaren bukaeran —Ertzaintzaren pilotakada bat jasota hil zen Cabacas—, eta bere «bizitza politikoko garairik zailenetako bat» izan zela esan zuen, baina ez zuen hitz egin gaizki egindako ezeri buruz: «Egun hartan amorrua sentitu nuen, ezina, mina; baina baita beharrezko aldaketa neurriak bultzatzeko irmotasuna eta uste osoa ere, ahal den neurrian, halako gertaera penagarriak ez daitezen berriz gertatu». Gogora ekarri zuen konpromisoa hartu zuela ikerketa amaieraraino irits zedin, eta berretsi zuen horretan ari direla: «Herrizaingo Saila epailearekin elkarlan estuan ari da gertatutakoa argitzeko, eta hala badagokio, erantzukizuna garbitzeko».

Autokritika gutxi, baina pozik egoteko modukoak iruditzen zaizkion hainbat gai nabarmendu zituen. Ez zuen hitz horiekin esan, baina harro agertu zen euskal presoen argazkiak kaleetatik kentzen egindako lanarengatik. Inoiz ahaztuko ez dituen irudien artean, hau aipatu zuen: Arrigorriagan, ertzain batek «aurpegia bistan zuela eskailera batera igo eta ETAren irudia kendu zuenekoa». Horren atzetik, goretsi zuen 10.000 esku hartze baino gehiago egin direla «terrorismoa goratzen zuten eta biktimen duintasuna eta memoria iraintzen zuten era guztietako euskarriak» kentzeko. Hori «irmotasun demokratikoa eta zero tolerantzia» politikaren ondorio izan da, haren esanetan.

Aurrerago ere egin zion erreferentzia gaiari: «Gaur, zorionez, gure kaleak, plazak eta festak oso zerikusi gutxi daukate aurretik zeukaten terrorismoaren goratze agertokiekin».

«Pribilegiatua» sentitzen dela ere esan zuen PSEren esku egon den Jaurlaritza bakarreko Herrizaingo sailburuak, «ETAren jarduera terroristaren amaiera» postu horretan ikustea egokitu zaiolako. Ez du beretzat hartu horren meritu guztia, baina bai zati bat: «Askoren lanaren ondorioz, eta gizarteak erakutsitako arbuioari esker, azkenean garaituak izan dira terroristak; baita gobernu honek defendatu eta aurrera eraman duen politikagatik ere». Hala, Ertzaintzak hainbat ustezko etakide atxilotu izana goraipatu zuen, gogora ekarri gabe Polizia horrek, tortura salaketarik gabe urteak egin ostean, berriz salaketak izan dituela.

Atxiloketa horiek, eta Amaia Azkueren hilketagatik egindako atxiloketa ikerketak «Ertzaintzako agenteen profesionaltasuna eta ikerketa zientifikoak ongi egiten jakitea» erakusten dutela azpimarratu zuen.

PSE-EE gobernuan egon den denboran emakumeen kontrako indarkeriaren aurka ere aurrepauso handiak eman direla nabarmendu zuen, eta Ertzaintza modernizatu egin dela.

Astelehenean utziko du kargua Aresek. Egun horretan, Justizia eta Herrizaingo Saila batu egingo dira, eta Idoia Mendia gobernu bozeramailearen ardurapean geldituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.