Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea eraistearen ondorioz atzo eta bart izandako istiluak "kale borrokarekin" lotu ditu gaur, eta iskanbiletan "sistemaren aurkako, delitu aurrekariak eta genero indarkeriagatik salaketak dituzten lagunek" ere parte hartu dutela esan du. Kukutza gaztetxeko arduradunei eskatu die sala ditzatela istiluak.
Aresen arabera, "aurrez oso ondo antolatutako eta koordinatuta istiluak" izan dira, "jendeak motxiletan gasolina edota suziriak zeuzkalako Ertzaintzari eraso egiteko, eta hori ez da inprobisatzen", eta azpimarratu du Ertzaintzak ondo erantzun duela, "herritarren segurtasuna eta askatasuna aintzat hartuta".
Azkeneko orduetan 31 pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, eta Jose Antonio Varela ertzainburuak esan du gehienak datozen orduetan libre geratuko direla, baina karguekin.
Bilboko Udalak emandako informazioaren arabera, hirian atzo arratsaldetik 650 edukiontzi iraulita azaldu dira, haietatik 57 erreta, bost auto ere kiskalita azaldu dira eta beste 50 kaltetuta, eta EAJk Errekalden eta Alde Zaharrean dituen egoitzek erasoak jaso dituzte. Suhiltzaileek 39 irteera egin behar izan dituzte atzo arratsaldetik.
Aralarrek errefusatu egin ditu atzoko "indarkeriazko ekintza" horiek.
Urkulluk Bildu aipatu du
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak "Kukutzaren atzean Bildu dago" zioen herenegun, eta gaur Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak ere Bildu izan du hizpide. Urkulluk ere esan duenez, EAJko Bilboko bi egoitza harrikatu egin dituzte bart, eta uste du Bildun "pisua irabazten" ari direla "bizikidetza hautsi nahi duten antisistemek". Ezker abertzaleari galdetu dio ea Bilbo ote duen "esperimentu gune", bertan EAJk agintzen duela eta.
Ezker abertzaleak ostegunean zioen "Azkuna-Ares tandemak gerra apustua" egin duela, eta alkatearen dimisioa eskatu du orain.
Elena Galan Rodriguez de Isla Bilboko auzitegiko epaileak atzo goizean eman zuen Kukutza botatzeko baimena, eta hondeamakinek atzo arratsaldean ekin zioten eraisteari.
Gaur ere manifestazioa
Gaur arratsaldean Bilbon Bateragune auzia salatzeko manifestazioan pankarta zabaldu dute Kukutzako kideek eta babesa emandako lagunek, eta iragarri dute 20:30ean manifestazioa egingo zutela. Errekaldeko plazan hasi da, eta jende asko batu da.
Arratsaldeko martxan epaitegiaren aurretik igarotzean "atxilotuak askatu!” oihukatu dute manifestariek, Kukutza eraistearen aurkako protestetan atzeman dituzten lagunak aska ditzatela aldarrikatzeko.