Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du kargua uzten duela, Legebiltzarrerako urriaren 21eko bozei begira PSE-EEren hauteskunde kanpaina zuzentzeko. Aresek berak prentsaurrekoan azaldu duenez, Patxi Lopez lehendakariak batu egingo ditu Herrizaingo eta Justizia sailak, eta Idoia Mendiak hartuko du sailburu kargua datozen hiru hilabeteetan.
Erabakia "ondo pentsatutakoa, arduratsua eta zaila" izan dela adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak; baina "erabaki zuzena" dela esan du. Bi karguak legediaren ikuspuntutik bateragarriak diren arren, bi karguak hartzea "etikoki eta politikoki desegokia" zela uste du Aresek. Kontzientzia lasai duela aitortu du Aresek; "eginkizun guztiekin bete izanaren lasaitasunarekin uzten dut kargua".
Ofizialki, astelehenean utziko du Jaurlaritza. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak urriaren 21ean egingo dira eta hauteskunde kanpainari urriaren 5ean emango zaio hasiera.