Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak jakinarazi du telefonoz lehen harremana izan duela Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministro berriarekin, eta "laster" bilduko direla Euskal Herrian. "Euskadin bakea eta bizikidetza egonkortzeko, Polizia eta departamendu desberdinen artean koordinazio eraginkorra sustatzea" izango da xedea, Aresek esan duenez.
"Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean adostu" beharreko gaien artean sartu du Aresek espetxe politika, eta "horrek dinamikoa, malgua eta ETAren bukaera lortzeko balekoa izan behar du, bergizarteratzearen bidea egin nahi dutenek egin ahal izateko".
"Sekula gertatuko ez dena, amnistia edo kaleratze masiboak ematea" izango dela adierazi du Herrizaingo sailburuak, eta pentsatzen du "ezker abertzaleak presoak itxaropen faltsuekin engainatu" egiten dituela. "Erabakiak indibidualak izango dira, eta akordio kolektiboekin mozorrotutako eskaera indibidualek ez dute balio". Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideek Euskal Herriratzeko eskaera egina dute, modu indibidualean.
Joseba Egibar pauso eske
Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak gobernuari espetxe politikan "pausoak" emateko eskatu dio, "prozesu hau itzuliezina izan dadin". Presoen gerturatzea, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak eta gaixotasun larriak dauzkatenak aipatu ditu Egibarrek.