Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak ezeztatu egin du Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu ustezko etakideen atxiloketen inguruan Espainiako Barne ministroak emandako bertsioa. Aresek adierazi du esku artean dituzten datu guztiek berresten dutela ETAk «jarduera terrorista guztiak» utzita dauzkala, eta ez dagoela ziurtatzerik kide berriak erakartzeko lanean ari denik. Haren esanetan, Frantzian atzemandako ustezko bi etakideak «klandestinitatean segitzeko kide berrien bila» baino ez ziren ari atxilotu zituztenean.
Atxiloketok Espainiako eta Frantziako polizien arteko elkarlanaren erakusgarri dira, Aresen ustez.Azpimarratu duenez, poliziak «erne» jarraitzen du, eta ETA desegiten ez den bitartean erakundeko kideak atxilotzen jarraituko du.«Justiziarekin zorretan dauden pertsona oro atxilotuak izango da eta epailearen aurrean erantzun beharko du», esan du.
Oso bestelako bertsioa eman zuen igandean Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak atxiloketen berri eman zuenean. Gurrutxagari ETAko aparatu militarreko buru ez ezik, kide berriak biltzekoardura ere leporatu zion. Fernandez Diazen iritziz, atxiloketek erakusten dute ETA kide berriak biltzen aridela Frantzian.
Atzo ideia berari eutsi zion Barne ministroak: «ETAk klandestinitatean landutako azpiegitura dauka gaur egun». ETA desegin arte atxiloketak egitenjarraituko dutela ziurtatu zuen. «ETAk azaldu beharko luke jarduera armatua eten badu zergatik ez den desegiten, eta zer dela eta jarraitzen duen armak erabiltzen, kotxeak lapurtzen eta dokumentazio faltsua erabiltzen».Azpimarratu zuenez, ETA «onean edo txarrean» deseginaraziko dute. Fernandez Diaz Frantziako Barne ministro Manuel Valls hartuko du gaur Madrilen.
Antonio Basagoiti EAEko presidenteak, berriz, «urrats garrantzutsutzat» jo ditu atxiloketak, «askatasuna eta bakea lortzeko» baliagarriak direlakoan. Eta mezua igorri dio ETAri: «Armak uzten ez baditu, kendu egingo dizkiogu». ETAko bi ustezko kideek armak zeramatzatela eta ustez kide berriak lortzera zihoazela adierazi du Basagoitik: «Horrek agerian uzten du egiaztatzaileak eta ETAren kontura sakela diruz betetzen ari direnak zein lan kaskarra egiten ari diren».
Elkarrizketari heltzeko deia
Ezker abertzaleak, berriz, atxiloketak salatu ditu, eta «betiko errepresio ekintza antzuekin» lotu ditu. Ezker abertzaleak gogoratu du atxiloketok ETAk bi gobernuei elkarrizketa zuzena abiatzeko asmoa agertu eta bi astera gertatu direla. Hala, Frantziako eta Espainiako gobernuei galdegin dieelkarrizketari heltzea, «konponbiderako bide zentzudunena delako»,eta «salbuespeneko politika eta neurriak» bertan behera uzteko.
Atxiloketak salatu dituzte, halaber, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek Gasteizen. Besteak beste, LAB, EILAS, Herrira, Bilgune Feminista, Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleak prentsaurrekoan adierazi dute Aieteko adierazpenaren ostean Espainiari eta Frantziari dagokiela «pauso positiboak eta ausartak» ematea gatazkaren soluziobidean. Halaber, Ibai Peña gazte gasteiztarraren estradizioa gogoan hartuta, Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriaren aurrean bi estatuek «errepresio eta atxiloketa gehiagorekin» erantzun izana salatu dute. Ildo horretan, euroagindua bezalako «tresna errepresiboak» agortuta daudelaeta «konponbide aroan» tokirik ez dutela esan dute.
Aralarrek, bestalde,«kezka larria» agertu du bi atxiloketen aurrean. Ohar batean, bi estatuei «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die, eta abagune honetan egiaztatzea ezinbestekoa dela gogorazi die. Gernikako Akordioa bere osotasunean betetzeko eskatu die Aralarrek alde denei.
Aresek ziurtatu du ETAk «jarduera terrorista denak» utzita dauzkala
Espainiako Barne ministroak adierazi du ETA desegiten ez den bitartean atxiloketak egiten jarraituko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu