Mexikon eta Uruguain egindako topaketak bezala, Argentinako Senatuan Euskal Herriko bake prozesua babesteko ekitaldia ere "erreferentzia garrantzitsua" izango da, EH Bilduren arabera. Koalizioak gogoratu du atzo aurkeztutako dokumentuak "sostengu oso zabala" jaso duela, eta bere egin ditu Argentinako adierazpenean jasotako hitzak: "Aitzakiarik gabe jardutea exijitzen duen aro politiko berri batean gaude".
Horrekin batera, koalizioak nabarmendu du bake prozesuak atxikimendua jasotzen ari dela eta Espainiako Estatua, berriz, "bere bakardadea areagotzen" ari dela. EH Bilduren iritziz, askotariko aldeei dagokie elkarrizketaren bideari ekitea, baita gatazkaren ondorioak gainditzeko urratsak egitea ere: "ETAri, gobernuei, instituzioei, alderdi politikoei eta gizarte zibilari".