Argentinako epaile batek Francoren ministroen datuak eskatu ditu

Espainia eta Galiziako milaka biktimak hasitako kereilara batzeko asmoa du Lau Haizetara Gogoan-ek

Jon Rejado.
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Argentinako justizia aurrera doa 1936ko gerrako eta frankismoko krimenak ikertzeko bidean. Maria Servini Cubria epaile federalak, ikerketa egin ahal izateko, informazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari. Informazio horren barruan Francisco Francoren ministro izan zirenen izenak eta helbideak galdegin dizkie, baita 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era arte Espainiako armadan, Guardia Zibilean, Polizian, segurtasun zuzendaritzan eta Espainiako Falangen izaniko agintarien datuak ere. Horietako norbait hilda egongo balitz hori egiaztatzen duen agiria ere eskatu du Servini Cubria epaileak.

Frankismoko arduradun politiko eta militarrenaz gain, aipaturiko epean izandako biktimen informazioa ere galdegin du epaileak. Desagertutako pertsonak «ahal den neurrian» identifikatzeko eskatu dio Espainiari: izen- abizenak, eta non eta noiz desagertu ziren. Hobi komunen berri emateko ere eskatu du Argentinako epaileak, eta orain arte hobi horietatik atera diren gorpuak norenak diren ere jakin nahi du.

Frankismoko preso politikoak morroitzat erabili zituzten enpresen datuak ere eskatu ditu Argentinako epaileak. Horrez gain, 1936tik 1977ra arte lapurtutako umeei buruzko informazioa eskatu du. Erregua abenduaren 13an egin zuen Servini Cubria epaileak kantzilertzaren bitartez, eta Argentinako Kanpo Harremanetako Ministerioak kudeatu du.

Kereilarekin bat egiteko aukera

2010eko apirilean, frankismoak iraun zuen bitartean Espainian desagertu ziren 113.000 pertsonaren senideek jarri zuten epailearen informazio eskaera ahalbidetu duen kereila. Francoren agindupean genozidio «politiko, sozial eta kulturala» egiteko plan bat abiarazi zutela nabarmendu zuten orduan kereila jarri zuten senideek, eta, gizateriaren aurkako krimena zelakoan, justizia unibertsalaren printzipioan oinarritu ziren Argentinako justiziarengana jo ahal izateko. Kereila jarri eta gutxira, apirilaren bukaeran, Galiziako beste 5.000 biktima batu ziren kereilara; bertan gerra tokirik egon ez zen arren genozidioa gertatu zela aldarrikatu zuten.

Lau Haizetara Gogoan Euskal Herriko frankismoaren biktimen elkarteak kereila horretara batzeko asmoa agertu du dagoeneko. Argentinan horrelako ekinaldi bat abiarazteko saiakerak egin zituztela gogorarazi du Gotzon Garmendia elkarteko kideak, baina saiakerak hutsean bukatu ziren. Ordea, 2010eko kereila «lehen unetik» jarraitu dutela jakinarazi du, eta Euskal Herriko biktimak ere gehitzeko asmoa dutela azaldu du.

Argentinan hasitako ikerketak epe motzean emaitzarik ez duela izango uste du Garmendiak: «1977ko Amnistia Legeak indarrean jarraitzen duen bitartean ez da ezer gertatuko, eta are gutxiago orain, frankisten oinordekoak Espainiako Gobernuan daudela». Dena den, epe ertain eta luzera aldaketak gertatzeko aukera dagoela uste du: «Garrantzitsua da nazioarteko mekanismo guztiak irekitzea; proiekzioa emango dio».

Epailearen erabakia txalotudu Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, baina Espainiako justizia ezbaian geratu dela gaineratu du. «Argentinako ekinaldiak berretsi du frankismoko arduradunek Espainian duten zigorgabetasuna». Horrez gain, Servini de Cubria epaileak 1936 eta 1977 urte bitarteko informazioa eskatu duela gogorarazi du Ahaztuak-ek; Baltasar Garzon epailea 1952ra arte mugatu zen.

Memoria Historikoa Berreskuratzeko Espainiako Elkarteak ere txalotu du Argentinako epailearen ekinaldia; astiro joan arren Espainiako justizia baino azkarrago doala gaineratu du Marco Gonzalez elkarteko presidenteordeak. Hain zuzen, Espainiako epaitegietan ikerketak geldirik daudela gogorarazi du. «Frankismoaren biktimek 75 urte eman dituzte inolako babesik gabe, ez instituzioetatik ezta botere judizialaren partetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.