Antsoaingo Txinparta elkarteko kide da Pla. Herriko zinegotzi eta historia irakaslea ere bai. Azken urteotan 36ko gerran Nafarroan fusilatu zituztenen arrastoari segika eman du denbora. Batez ere, herri ondoko Ezkaba mendiko gotorlekuan hil ziren 700dik gora lagunak non dauden jakin nahi du Plak. Azken pistaren eskutik ezagutarazi du 1936tik 1939a bitarte hil ziren 203 preso Antsoain zendeako hainbat hilerritan lurperatuta omen daudela. Haietako asko fusilatu egin zituzten. Beste hainbat, bizi-baldintzek eragindako gaixotasunen ondorioz hil ziren.
Joan den apirilean Ezkabako gotorlekuan presoek beraiek eraiki behar izan zuten hilerria aurkitu zuten Txinparta taldeko eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko kideek. 131 lagun daude han lurperatuta, eta haietako hemezortziren gorpuak berreskuratzeko eskaera egin dute jada haien senideek. Hilerriaren haritik tiraka, Elizaren artxiboan eta egoera zibilekoan aurkitu ditu Plak Antsoain zendean hilobiratuta diren presoen berriak.
«1938tik 1942ra arteko datuak daude Elizaren esku; gotorlekuko apaizak jasotakoak dira. 1936tik 1938ra artekoak, berriz, egoera zibileko artxiboan aurkitu ditut». Izena, abizena, jatorria, eta hilerria. Datu horiek esku artean, benetakoak ote diren ziurtatzea da orain Plaren lana. «Parrokiz parroki joatea da asmoa, eliza bakoitzean datu horiek jasota ote dauden ikusteko».
Ez da lan erraza izanen, ordea. «Datu kontraesankorrak badira». Bat egiten ez duten argibideak, adibidez, lurperatzeko tokiari buruz. «Hainbat lekukok erran digute hilerrien kanpoko aldean lurperatzen zituztela Ezkabako presoak. Jakin badakigu, ordea, gotorlekuak bere hilerria eraikitzea erabaki zuela inguruko herrietako agintariak kexu zirelako, beren hilerriak presoekin betetzen zituztelako».
Bada beste zailtasunik. «Zehazki non dauden lurperatuta jakin behar dugu. Hilerriotan, ordea, obrak egin izan dituzte azken hamarkadetan, eta litekeena da hezurrak tokiz aldatu izana».
Ezkaban, gainera, Euskal Herritik kanpoko jendea egon zen preso, batez ere, eta horrek asko zailtzen du senitartekoak bilatzeko lana. «Eta senideek egin behar dute fusilatuen gorpuak berreskuratzeko eskaera».
PRESO BAT, FAMILIA BAT, BIZITZA BAT.Hamasei gizon Lotzako hilerrian; beste hamasei Elkartekoan; hogei Antsoaingoan; hamar Larragetan. 203 preso denera Antsoain zendeako hilerrietan. Berriozarko hilerriari buruzko datuak nabarmendu ditu Plak: «Gotorlekuko preso gehien duen hilerria da; 46 daude. Lehenengoak 1936ko azaroaren 1ean eraman zituzten. 21 izan ziren. Egoera zibileko artxiboaren arabera, guztiak egun berean hil ziren, ordu berean, eta arrazoi berarengatik: 08:00etan, eta traumatismoaren ondorioz. Hori ikusita, argi dago guztiak fusilatu egin zituztela».
Fusilatu, eta desagerrarazi. Senitartekoek gorpua non dagoen jakiteak ematen duen lasaitasuna ere ez ez dute, gehienetan. Jakiteak duen garrantzia nabarmendu du Plak. «Heriotza agiri bat jasotzea ere biziki eskertzen dute. Beharrezkoa dute». Fusilatu bakoitzak atzean zuen familia, atzean zuen istorioa. Horixe azpimarratu du Txinpartako kideak. «Egoera oso gogorrak daude».
Ezkabara azken garaian Frantziatik etorri ziren mojek senitarteko bati bidali zioten gutuna ekarri du gogora Plak. «Presoaren heriotzaren berri emateko idatzi zioten haren familiari gutuna. Kexuka idatzi zuten, hiltzerakoan ere eliza katolikoaren sakramentuekin bat egin nahi izan ez zuelako. Presoaren amak, amorru biziz, gutuna apurtu eta erre egin zuen».
Galizian memoria historikoa berreskuratzeko taldeekin izandako hartu-emanek, halaber, errealitate oso gordinen berri eman diote. «O groven gertatu zen. Buruaren atzeko aldetik bota zioten tiroa gizon bati, eta ahotik atera zitzaion bala. Baina ez zen hil. Sendatu, eta herrira itzuli zen. Egunero gurutzatu zen, berez hil zen arte, hil nahi izan zuten herriko kideekin. Inork ez zuen deus erran inoiz, ez berak, ezta hiltzaileek ere».
PRESOEN ALDEKO EKIMENAK. Eta bizi izandako egoera gogor horiek guztiek argia ikustea merezi dute . Horregatik, Antsoain zendeako hilerrietan lurperatuta dauden presoen aldeko ekimenak bultzatzeko asmoa du Txinparta elkarteak. «Herriek onar ditzatela mozioak, adibidez, jendeak beren hilerrietan Ezkabako presoak daudela jakin dezan».
Hortik aurrera, Antsoain zendeako herrietan dauden presoen gorpuak berreskuratzeko asko egin ahal izanen denik ez du uste Plak. «Oso zaila izanen da. Denbora asko joan delako, eta zaila delako jakitea zehazki non dauden. Orain arte lortu duguna baino askoz ere gehiago lortzea zaila izanen dela uste dut».
Hala ere, duela 20 urte baino informazio gehiago du gaur egun gizarteak Ezkabako gotorlekuan gertatu zenari buruz. Orain arteko informazio hori guztia zabaltzea funtsezkotzat jo du Plak. Txinparta elkarteak urtero egiten die omenaldia gotorlekutik ihes egiten saiatu ziren presoei. Bere lan esparruan, halaber, ikasleekin jorratzen du gaia Plak. Felix Sierrak eta Iñaki Alforjak gotorlekuari buruz berrargitaratu duten liburuak egin dezakeen lan handia nabarmendu du, halaber, Plak. Eta gai beraren harira Alforjaren dokumentala Ezbakan gertatu zenaren berri emateko tresna oso eraginkorra izan daitekeela gaineratu du.
############
Oraindik itzalak baino ez daude fusilatuen senitarteko askorentzat
Ezkabako gotorlekuko hilerrian 131 preso; Antsoain zendeako hilerrietan 203. Baina Ezkaban 700dik gora preso hil ziren, eta haietako askoren gorpuak non dauden oraindik ez dakite haien senitartekoek. Gotorlekuko hilerrian laster hasiko dira indusketak egiten hemezortzi gorpu berreskuratzeko. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea negoziazioetan dabil militarrekin, eta bide onetik omen doaz negoziazio horiek. Azken baimenak jasotzea falta da, hala ere, Aranzadiren eskutik indusketak hasi ahal izateko.Baimen horien zain, beste 400 preso ingururen berririk oraindik ez daukatela nabarmendu du Koldo Pla Antsoaingo Txinparta elkarteko kideak. Horrek kezkatzen du. Haietako 207 1938. urteko maiatzaren 22ko ihesaldian hil zituzten. «Eta ez dakigu non dauden».
Horiez gain, beste 200 preso daude desagertuta. «Gobernuaren presoak erraten zieten; haietako asko nafarrak ziren. Ezkabako gotorlekura eraman zituzten, baina haien berririk ez dago. Ez dira inongo erregistroan agertzen. 200 inguru izan omen ziren, garaiko lekukoek erran zutenaren arabera». Preso horiek ere fusilatu egin zituzten, eta oraindik haien bila jarraitzen dute beren senitartekoek.
Ezkaba inguruan, eta Nafarroako beste hainbat tokitan hobiak badaudela badaki Plak. «Hobi bakoitzean nor dagoen zehaztea, ordea, ia ezinezkoa da. Eta hori jakin gabe, zaila da indusketak egin ahal izatea. Hainbat hobi zehazki non dagoen, halaber, ez dakigu».
Ildo horretan, egin beharreko lan garrantzitsu bat badela uste du Txinpartako kideak. «Nafarroan dauden hobi guztien mapa egitea funtsezkoa da», azpimarratu du. Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina 3.000 lagunetik goiti fusilatu zituzten gerra hartan, eta asko eta asko halako hobietan lurperatu zituzten.
############