Carlos Garcia Adanero UPNko Nafarroako Parlamentuko bozeramailearen esanetan, galdeketak agerian uzten du "Bilduren helburu politiko nagusia eurek Euskal Herria deitzen diotenaren sorrera" dela, nahiz eta hori "gezurrezko aurrerakoitasunez mozorrotu nahi duten".
Ordea, PSNko bozeramaile Pedro Rasconek nabarmendu duenez, "horrelako galdeketa batek, babesik eta planteamendu sakonagorik gabe, ez darama inora". Bilduko eledun Maiorga Ramirezek, aitzitik, zoriondu egin ditu Etxarri Aranazko herritarrak, galdeketa "ariketa demokratikoa" izan delakoan. Parte hartzea "esanguratsua" izan zela uste du.
Aralar-NaBaiko bozeramaile Patxi Zabaletak "jardun demokratiko eta duintzat" jo du galdeketa, eta gogorarazi du "jai giroan eta modu baketsuan" igaro zela eguna. PPNko eledun Enrique Martin de Marcosen ustez, baina, "balio juridikorik ez duen propaganda ekitaldi bat" izan da galdeketa.
Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) "errespetua" adierazi dio kontsultari, baina azaldu du nahiago lukeela galdeketan, independentziaz gain, beste aukera batzuk eskaini izana; zehazki, Espainian errepublika ezartzearen inguruan galdetzeaz mintzatu da.
Geroa Baiko ordezkari Manu Aierdik, berriz, esan du "ongi" irizten diola galdeketari, baina zehaztu du subjektu politikoa Nafarroa dela eta soilik Nafarroako herritarrei dagokiela erabakitzea "non egon nahi duten, norekin eta zer egin nahi duten".