Kamioiak harrapatu dituen hiru soldaduak anbulantzian eraman dituzte , eta arestian aipatu bezala, ez du ematen inork zauri larririk duenik.
Hainbat salaketa maniobren harira
Espainiako armadako soldaduak egunotan Euskal Herrian barrena egiten ari diren maniobrak «lehen mailako probokazio politikotzat» jo ditu Askatasunak. Euskal Herriak duen gatazka gaindituko bada eta «etorkizuna askatasunez, inongo kanpo esku hartzerik gabe» eraikiko bada, desmilitarizazio prozesu bat abiatzea beharrezkoa dela uste du Askatasunak. Hartara, euskal eragile zein herritarrek «bi estatuak atzera bueltarik izango ez duen desmilitarizazio prozesua abian jartzeko» lan egitera deitu zituen atzo Zestoan, hainbat herritarrekin batera eginiko agerraldian. Urola Kostako hainbat herritarrek gaur 19:30erako Zestoan antolatutako manifestaziora ere deitu zuen Askatasunak.
Taldearen esanetan, inoizko militarizazio zifrarik altuena dauka Euskal Herriak. Europako beste herrialdeekin alderatuta, herritar bakoitzeko polizia kopuru «izugarria» eman zuen: mila herritarreko 11,23 agente. Desmilitarizazio prozesu baten beharra aldarrikatu zuen eta, horretan, Euskal Herriko eragile politiko, sozial zein sindikalek «zeresan handia» dutela iritzi zion.
Halaber, dugun egoera politikoan egunotako maniobrak probokaziotzat jo zituen. «Zer egitera, zer erakustera, zeren kontura egin behar ditu momentu politiko honetan Espainiako armadak maniobrak gure herrian?», galdetu zuen.
Jorratzen Partzuergoaren ustez ere, «kutsu politiko ukaezina» dute egunotako maniobrek, Espainiako armadak ariketak euskal lurretan egiteko bertako orografia arrazoitzat aipatu arren. Hartara, udalei maniobrak debekatzeko erabakia eta beste hainbat neurri hartzeko proposatzen dien protokoloa gogoratu, eta herritar zein eragileei militarrak ongi etorriak ez direla erakusteko deia egin zien.
EGIk, maniobrak direla-eta bere haserrea eta kezka agertu zituen, ohar bidez. EAJren gazte erakundeak adierazi zuen Espainiako armada eta poliziak Euskal Herrian ez direla ongi etorriak eta ez duela hemen egoterik onartzen. Hartara, soldadu eta poliziak Euskal Herritik «lehenbailehen eta behin betiko alde egitea» nahi duela adierazi zuen EGIk, bakearen aldeko konpromisoa berrestearekin batera.
«ONARTEZINA DA». Azken egunotan bezala, Euskal Herriko hainbat eskualdetan ikusi zituzten herritarrek Espainiako armadako soldaduak atzo ere, motxilak bizkarrean eta armak eskuan bide eta errepideetan barrena. Debagoienera, esaterako, Kanpantzar inguruetara 11:00k aldera iritsi ziren, lekukoen arabera. Goiena.net hedabideak jakinarazi zuenez, Kanpantzarreko jatetxearen parean kamioiak utzi eta inguruetan jardun zuten ariketak egiten. Elgetarako bidea hartu zuten gero, lekuko baten arabera. Oñatiko Olabarrieta auzoan eta Urretxu eta Zumarragan ere ikusi zituzten hainbat lekukok.
Bizkaian ere ez dira gutxi ohiko bidean soldaduekin topo egin duten herritarrak. BERRIAk jakin duenez, Berangoko auzo eta mendietan soldaduak ikusi zituzten atzo, baita Unben, Asuan eta Urdulizen ere. Durangoko San Fausto auzotik bospasei kamioi pasatzen ikusi zituen beste herritar batek, eta kamioi kopuru bera ikusi zuen beste batek Lekeition, bezperan. Beste herritar batek BERRIAri jakinarazi zion Getxoko kirol portuan armadaren itsasontzi bat ikusi zuela.
Hain zuzen, gaur 13:30etik aurrera Getxoko Ereaga hondartzan soldaduak maniobrak egitekoak dira. Eta ariketak Udalari kontsultatu gabe antolatu izana arbuiatu zuen atzo Iñaki Zarraoa alkateak. Espainiako armadari «zapaltzen» ibiltzea egotzi, eta militarrek «herritarrak ordezkatzen dituen Udala bezalako instituzio demokratiko bati agertutako mespretxua» salatu zuen. Maniobren inguruko informazio eza txarretsi zuen baita ere. «Ez dago eskubiderik, hau sinestezina da», esan zuen Zarraoak. Ariketek «beste aro batekoak» eta, «ez jada herri demokratikoetan, soilik herri zibilizatuetan ere» ez dutela lekurik iritzi zion. EAJk edo «beste talde demokratikoren batek» Madrilen Espainiako Defentsa ministroari azalpenak eskatzea espero duela gaineratu zuen alkateak.
Getxoko EB-Berdeek «arbuiorik sendoena» azaldu zuten gaurko iragarritako ariketen inguruan, «gerra jokoak erakusten aritzea herritarrekiko probokazioa» dela iritzita, are gehiago dugun egoeran. Hala, herritarrei Ereagara «feriako akrobaten modura jendaurrean agertzen den militar talde bat» ikustera ez joateko deia egin zieten.
Espainiako Armada Euskal Herrian
Ariketak egiten ari ziren hiru soldadu harrapatu ditu kamioi batek Muxikan
Gaur goizean Espainiako Armadako hiru soldadu harrapatu ditu kamioi batek BI-635 errepidean, Muxika (Bizkaia) parean. Soldaduetako bik pronostiko erreserbatua dute, eta hirugarrenak zauri arinak baino ez. Egunotan ariketa militarrak egiten ari da Espainiako Armada Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu