Arkaitz Rodriguezen arrebaren erasoaren kontrako ekimenak aurkeztu dituzte

Gernikako Akordioak larunbatean elkarretaratze isil bat egingo du Donostian, eta Amaiurrek Enara Rodriguezek jasotako "heriotza eta bortxaketa mehatxuez" informazioa eskatu dio gobernuari.

2012ko urriaren 10a
17:00
Entzun

Ustez Espainiako polizia batzuek Arkaitz Rodriguez euskal presoaren arreba Enarari eraso egin izana salatu dute Gernikako Akordioak eta Amaiurrek gaur, nork bere aldetik, eta biek ekimen batzuk aurkeztu dituzte. Gernikako Akordioak larunbat honetan Donostian elkarretaratze isil bat egingo du, Gobernu Zibilaren aurrean (12:00, Amara auzoa), Konponbide garaia da. Indarkeria oro bertan behera utz dezatela lelopean. Amaiurrek, berriz, Enara Rodriguezek jasotako "heriotza eta bortxaketa mehatxuez" informazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Anaia Logroñoko kartzelan (Espainia) bisitatu ondoren jaso zuen "erasoa" Enara Rodriguezek. "Logroñotik Iruñera doan autobidea hartu nuen, A-12a. Nire alboan beste auto bat zihoan denbora osoan. Bi gizon barnean. Irteera batean, ateratzera behartu ninduten, nire bidean sartuz. Orduan, autoaren kontrola galdu nuen, eta hiruzpalau buelta eman, irauli ez nintzen arren", kontatu du emakumeak, Etxerat elkarteak atzo prentsaurreko batean jakinarazi zuenez.

Gernikako Akordioak dio euskal presoen senideekiko jarrera hori ez dela berria, "baina Enarak kontatutakoak muga guztiak gainditu ditu. Jarrera bortitz horiek Arkaitz Rodriguezen senideei ez ezik, gainontzeko euskal preso politiko guztien senideei ere beraien samina are handiagoa egiten diete".

Espainiako Estatuari "gerra tresneria guztia indargabetu eta bere dispositibo hertsatzaile guztiak Euskal Herrian dagoen eszenatoki politiko berriarekiko egokitu" ditzala eskatu dio Gernikako Akordioak. "Bada garaia guztiok bake eta normalizazio demokratikoaren bidea urratzen hasteko".

Amaiurrek "gertakari larriok eta estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian darabilten inpunitatea" gaitzetsi du. "Era berean, indar polizial eta armatuek Euskal Herrian egiten duten kontrol sozial eta politikoa irmoki salatu nahi dugu". Errepideetako kontrolak bertan behera uzteko exijitu diote Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.