Arma salmenta

Arma salmentaren kontrako ekintza egin du Greenpeacek Bilboko portuan

Greenpeaceren esanetan, Bahri Tabuk itsasontziak armak garraiatuko ditu Saudi Arabiara, Yemengo gerran erabiltzeko. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak elkarretaratzea deitu du biharko, Bilbon.

Greenpeaceko ekintzaile bat Bilboko portuko uretan, 'Bahri Tabuk' isasontziaren ondoan, protestan. GREENPEACE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 16a
13:22
Entzun

Greenpeaceko hiru ontzi Bilboko portura sartu dira, Guardia Zibilaren patruila bati izkin eginda. Elkarteko lau boluntariok uretara egin dute jauzi, eta Saudi Arabiako Bahri Tabuk itsasontziaren inguruan kokatu dira, pankartak eskuetan. "Zibilak hiltzeko Espainia markako armak", dio pankarta horietako batek. Beste boluntario batzuek ontziaren amarraduretatik zintzilikatzea lortu dute. "Zibilak hiltzeko arma gehiagorik ez", dio beste pankarta batek.

Elkarte ekologistak jakinarazi duenez, 10:00etan arma kargamentua iritsi da Burgostik (Espainia) Bilboko portura, armak itsasontzian kargatu eta Yemengo gerran Saudi Arabiak gidatzen duen aliantza militarreko herrialdeetara bidaltzeko.

Greenpeacek salatu du litekeena dela arma horiek Yemengo biztanleria zibilaren kontra erabiltzea. Elkarteak Espainiako Gobernuari leporatu dio egoera horren erantzule izatea, Saudi Arabiari armak errazteagatik. Arma salerosketa bertan behera uzteko galdegin dio Madrili.

Hiru orduz Bahri Tabuk  ontzia inguratu eta haren amarraduretik zintzilik egon ostean, Guardia Zibila Greenpeaceko ekintzaileak erretiratu ditu itsasontzi ondotik, eta identifikatu egin ditu.

Hona ekintzaren irudi batzuk, Greenpeaceren eskutik:

Green peaceko boluntarioak bilboko portuan

 

Green peaceko boluntarioak bilboko portuan

 

Green peaceko boluntarioak bilboko portuan

 

Bilboko portuan arma salmentaren kontrako protesta egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ere. "Gerra hemen hasten da" leloa erakutsi dute pankarta batean. Luis Arbide elkarteko kideak adierazi duenez, Bahri Tabuk ontziak Saudi Arabiara eta Arabiar Emirerri Batuetara garraiatuko ditu arma eta lehergaiak, Yemengo gerra "basatian" erabiltzeko. Arbidek ohartarazi du biztanleria zibila biltzen den hainbat gunek jasaten dituztela gerra erasoak Yemenen; ospitaleak eta eskolak barne.

Elkarteak mobilizaziora deitu du biharko, 12:00etan, Bilboko Moyua plazan.

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak Bilboko portuan, elkarretaratzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.