III. FORO SOZIALA

Armagabetzeko mekanismoak sortzeko deia egin diete Euskal Herriko gobernuei

NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordean oinarrituko litzatekeen gidaritza edo egiaztatze batzorde bat sortzea proposatu dute, armagabetze prozesuari begira.

Gernikan egin zuten hirugarren Foro Soziala. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko otsailaren 26a
12:04
Entzun

Urtarrilaren 30ean Gernikan (Bizkaia) egindako foroaren ondorioak plazaratu dituzte antolatzaileek, Bake Bideak, Gernika Batzordeak, Uharanek eta Antxeta Irratiak. Azaldu dute armagabetzeko prozesuan lagundu beharko luketela Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Gizarte Foroak gidaritza edo egiaztatze batzordea eratzeko bilera sorta batzuk abiatuko ditu hainbat eragilerekin, nola osatu beharko litzatekeen adosteko eta bakoitzaren eginkizunak hasieratik finkatzeko. Gainera, azpimarratu dute beharrezko dela Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan batzorde horrekin lotura egiteko mekanismoak sortzea, "armagabetze eta armen suntsitze prozesuaren jarraipen diskretua egiteko". Ipar Euskal Herriko hautetsiekin ezaugarri berak lituzkeen batzorde bat osatu beharko litzateke. Beste behin, armagabetze prozesuan gizarteko eragile guztiek inplikatubeharra azpimarratu dute, hau da, instituzio, gizarte zibil eta eragile sozialek.

Espainiari eta Frantziari armagabetze prozesua laguntzeko deia egin diete, edo, "bederen", ez oztopatzeko eskatu. Horien jarrera direla eta, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egin diete mekanismoak sortzeko, segurtasun eta ordena publikoaren inguruan dituzten eskumenak kontuan harturik: "Egokia litzateke aipaturiko jurisdikzioetan armagabetze osoa egiaztatuko luketen tresnak izatea".

Horrez gain, azpimarratu dute aktoreak eta "gizarte zibil antolatua" elkartzeko eta lotzeko esparrua sortu beharra dagoela, eta elkarlanerako prest daudela: "Gizarte Foro hau eta osatzen duten antolakundeak prest gaude NEBekin, instituzioekin eta ukituak diren aktoreekin lan egiteko".

Era berean, Europako eta nazioarteko instantziei armagabetzearen eta armen suntsitzearen inguruan informatzeko beharra azpimarratu dute: "Hiekin mintzatu beharko lukeela deritzogu, armen, munizioen eta lehergaien suntsitze prozesu bat berri ona baita Europako biztanle guztiarentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.