Armak gora, boligrafoak behera

EILASek eta Gasteizkoak-ek txostena egin dute gastu militarra eta hezkuntza beharrak alderatuta

2006ko urriaren 5a
00:00
Entzun
2006ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gastu militarra nahikoa litzateke lehenengo eta bigarren hezkuntzaren oinarrizko beharrak asetzeko, eta 500 milioi euro sobratuko lirateke, gainera. Horrela, armagintzaren ikerketa alorrean Eusko Jaurlaritzak aurten gastatu duen diruarekin hamabost ikastetxe berri eraikiko lirateke, eta promozio berrian sartu diren 450 ertzainen gastuarekin ikas materialaren eta liburuen doakotasuna bermatuko litzateke.

Datuok Gasteizkoak Antimilitarista Taldeak eta EILAS sindikatuak jaso dituzte atzo aurkeztutako txosten batean. «Dirua egon badago, baina ez dago militarismoa gainditzeko asmorik, eta hezkuntzaren beharrak arintzeko asmorik», nabarmendu zuen Gasteizkoak taldeko kide Jesus Navesek. Halaber, urtez urte gastu militarrak gora egin duen bitartean, hezkuntza inbertsioak behera egin duela azpimarratu zuten.

Azterketaren arabera, Espainiako gastu militarra laguntzeko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako polizia gastuak ordaintzeko 1.656,78 milioi euro inbertitu ditu Eusko Jaurlaritzak aurten. Hor sartzen dira, batetik, Eusko Jaurlaritzak kupoaren bitartez Espainiako Gobernuaren defentsa gastuetara bideratzen duen ekarpena (1.110,79 milioi euro), eta erkidegoaren polizia gastuak ordaintzeko aurreikusitako partidak (545,99 milioi euro).

Gainera, txostenak azaltzen duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egunero egiten den gastu militarra 4,54 milioi eurokoa da. Halaber, herritar bakoitzak 779,72 euro inbertituko ditu aurten gastu militarrari aurre egiteko.

Bestetik, EILASek egin duen ikerketan jasotzen denez, 1.191,15 milioi euro gehiago inbertitu beharko liratekeaurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lehenengo eta bigarren hezkuntzaren oinarrizko beharrak asetzeko, alegia gastu militarrari zuzendu zaion %71.

Hezkuntzak dituen beharrak, EILASen irudiko, era guztietakoak dira. Lehenik eta behin, langileen gastuak handitzea ezinbestekotzat jotzen du sindikatuak, eta hartara, besteak beste, 1.665 irakasle gehiago hartu behar direla azaldu du txostenean. Halaber, Obren eta Azpiegituren Plana martxan jartzeko gastuak kontuan hartu ditu EILASek, eta ikastetxeetan aniztasuna sustatzeko programen aurrekontua aipatu du. Beharren atalean bildu ditu, baita ere, bekak eta laguntzak handitzearen aldeko apustua eta irakasleen prestakuntza indartzea.

GORA ETA BEHERA. Bigarren ondorio bat ere jaso dute EILASek eta Gasteizkoak Antimilitarista Taldeak txostenean. Hain zuzen, urtez urte gastu soziala eta hezkuntzari zuzenduriko aurrekontua murrizten ari dela, eta aldiz, gastu militarrak gora egin duela.

Hezkuntzaren aurrekontuari dagokionez, azken urteetan etengabeko beheranzko joera izaten ari dela salatu du EILASek. Hala, Barne Produktu Gordinaren (BPG) arabera, hezkuntza gastua %3,77 izan zen 2002. urtean, %3,63 2003. urtean, eta %3,53 2004. urtean. Hortaz, Europako Batasuneko gainerako herrialdeekin alderatuta, eta Europako batez bestekoa aplikatuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza aurrekontuek 780 milioi euro inguruko defizita dute 2006an. «Hezkuntzako gastu publikoa Europako txikiena da», adierazi zuen EILASeko kide Endika Rodriguezek.

Aitzitik, urtez urte gastu militarretan xahutzen duen dirutzak gora egin du. Hala, 2005. urtean, Gasteizkoak taldeak eginiko urteko txostenaren arabera, 1.324 milioi euro inbertitu zuen Eusko Jaurlaritzak armagintzan, militarren soldatak ordaintzen edo Ertzaintzaren funtzionamenduan. Aurten, horretara bideratutako aurrekontua %7,98 igo da.

endika rodriguez EILAS sindikatuko kidea

«Aurrera joan beharrean atzera goaz, genituen abantailak galtzen ari gara»

e.u.

Gasteiz

EILAS sindikatuaren arduradun Endika Rodriguezek txostenarenprestaketan parte hartu du, eta bertan adierazten diren ildo nagusien inguruko hausnarketa egin du.

Zergatik bururatu zaizue halako ikerketabat egitea?Guk uste dugu hezkuntza gastua ez dela garrantzitsua berez, baizik eta balio estrategikoa delako, kohesio bidean garrantzi handia duelako; eta hezkuntzak lehentasuna izan behar du edozein gobernurentzat. Horren aurrean gastu militarra dago. Guk gure burua antimilitaristatzat dugu, eta antimilitarismoa hezkuntzan landu nahi dugu. Hortaz, interesgarria iruditu zitzaigun nahi izanez gero hezkuntzarako dirua nondik atera daitekeen azaltzea.

Aurkeztutako datuak deigarriak dira, baina zein azpimarratuko zenituzke?Hezkuntza mundutik ikusita harrigarriena da hezkuntza gastua nahiz eta teorian handituz joan, praktikan jaisten doala. Zenbakiek Barne Produktu Gordinarekin alderatuta oso ondo adierazten dute hori, alegia eredu gisa ikusten ditugun Europako gizarteengandik oso urrun gaudela.

Dena den, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ez du bat egiten hausnarketa horrekin. Noski. Egia da urte askotan emaitza onak izan ditugula eta gure hezkuntza sistema oso ona dela zenbait arlotan, baina azken sei edo zazpi urteotan errentatik bizi izan da Hezkuntza Saila. Guk egin dugun azterketarekin bat egiten dute gurasoen elkarteek, sindikatuek eta beste eragile ugarik.

Hezkuntzaren alorrean faltan sentitzen dituzuen inbertsio horietatik zeintzuk izango lirateke premiazkoenak?

Hezkuntzaren kalitatea bermatzeko giza baliabideak handitu behar dira, hots, ratioa orekatu behar da, ikasle kopurua jaitsi, eta profesional berriak hartu. Hortaz, premiazkoa da giza baliabideak handitzea, egungo langileria duela hamar urte genuena baita, ez da handitu nahiz eta ikasle kopurua igo. Aurrera joan beharrean atzera goaz, genituen abantailak galtzen ari gara. Bestetik, horri lotuta ikastetxeen eraberritzea ezinbestekoa da, Hezkuntza Sailak berak onartu du zaharkituta daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.