Politika

Armak uzteko baldintza ezarri gabe, ETArekin mintza dadila eskatu dio Urkulluk Madrili

ETAk armak lagatzen ez baditu ere, erakunde armatuarekin hitzegiteko deia egin dio Iñigo Urkullu jeltzaleen bozeramaileak Espainiako Gobernuari. Bakea eta normalizazioa lortzeko ETAren eta Zapateroren Gobenuaren arteko elkarrizketa gertatzea ezinbestekoa dela azpimarratu du, eta mintzatzen hasteko ezin dela armak uzteko baldintza jarri. PSE-EErekin Gobernu hitzarmena egiteko aukera baztertu egin du, baina alderdi horrekin "eta beste batzuekin" normalizazio akordioa lortu nahi luketela erantsi du.

2005eko abuztuaren 6a
14:11
Entzun
"Ezinbestekoa da Espainiako Gobernuak ETArekin hitzegitea, baldin eta elkarrizketak oraindik hasi gabe badaude", esan du Urkulluk, etamintzatzen hasteko ezin direla baldintzak jarri gaineratu du.

Izan ere, exijentzia negoziazio prozesu bat abiatu ostean egin behar direla iritzi dio jeltzaleen bozeramaileak, eta negoziazioari ekiteko aldez aurretik elkarrizketa prozesu bat egon behar dela. "Komenigarria litzateke ahalik eta lasterren Zapateroren Gobernuak eta ETAk elkarrekin hitzegitea", azpimarratu du.

Sozialistekin gobernu akordiorik ez

PSE-EErekin dituzten harremanez ere aritu da Urkullu. Esan duenez, EAJk ez du sozialistekin Gobernu akordiorik egitea aurreikusten: "ez da momentua", esan du. Ordea, bakegintzaz eta normalizazioak PSErekin akordioa bilatzeko prest daudela agertu du, baina adostasun horrek beste alderdi batzuk ere bildu beharko lituzkeela.

EAJ barruko tira-birak

Joan den igandean Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidenteak "burujabetza partekatua" defendituz eta Joseba Egibar GBBko buruak burujabetza partekatzeko lehendabizi burujabe izan behar dela esanez egindako adierazpenen harira, Urkullu bat etorri da Egibarrek egindako zehaztapenarekin. "Nazioa eraikitzeko kontzeptua kontzeptu dinamikoa da, ez da independentzian edo dependentzian soilik oinarritzen den kontzeptua. Horregatik, gure helburua burujabetza partekatutik abiatutako interdependentzia da, eta Espainiarekin, Frantziarekin eta Europarekin burujabetza partekatzea badugu helburu, lehendabizi burujabe izan behar dugula dioen oinarritik abiatzen gara", nabarmendu du.

Imazek eta Egibarrek egindako adierazpenen harira, EAJn barne eztabaida handiak daudela esaten duten informazioak zabaldu dira aste honetan. Tira-bira horiek beste alderdi batzuek haizatu dituztela iritzi dio jeltzaleen bozeramaileak, baina, era berean, esan du alderdi barruan zenbaitzuk zirkustantzia horiek baliatu nahi izan dtuztela. Dena den, alderdi barruan jarrera hori dutenek ez dutela ardura kargurik zehaztu du. "EAJren barne gorputza heldua da, eta ardura maila daukagun pertsona guztiak erabat ados gaude oinarrizkoan eta ezinbestekoan, eta baita prozedura eta metodoetan ere", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.