Espainiako Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi absolbitu egin du, Jose Mari Sagardui Gatza euskal preso ohiari eginiko omenaldi batean parte hartzeagatik haren aurka eginiko epaiketan. Sagardui espetxean zela, 2005ean Zornotzan egin zioten omenaldian ETAri gorazarre egitea egotzita epaitu zuten Otegi duela bi aste. Frogatu diren ekintzetan Otegik ez zuela terrorismoa goretsi ondorioztatu du epaimahaiak. Omenaldian esan zituenak zein helbururekin esan zituen eta, horrenbestez, terrorismoa goratu ote zuen jakiterik ez dagoela ebatzi du epaimahaiak; zalantza dela eta, Otegi absolbitzea erabaki du.
Auzi horretan Otegi epaitu duten bigarren aldia izan da; lehen epaiketan Angela Murillo epaileak partzialtasuna agertu zuelako, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Otegiren aurka Murillok eman zuen bi urteko zigorra. Javier Gomez Bermudez izan da bigarren epaiketako epaimahaiko presidentea. Fiskalak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen Otegirentzat, eta Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek bi urtekoa.
Azken hilabeteetan beste bi absoluzio sententzia jaso ditu Otegik. Espainiako erregeari «torturatzaileen buruzagi» deitzeagatik eginiko epaiketan lehena eta Anoetako mitinean parte hartzegatik bigarrena. Beste neurririk hartu ezean, Otegik espetxean jarraituko du, Bateragune auziko epaiaren zain.
Ezker abertzaleak txalotu egin du Otegiren absoluzioa, eta, bide batez, ezker abertzalearen kontrako jazarpena salatu du. Bateragune auzian ere absoluzioa eman beharko luketela adierazi du, «baita auzipetuta dauden ehunka pertsonaren sumarioetan ere». Ohar batean, PSOE eta PP Auzitegi Nazionala «instrumentalizatzen» ari direla salatu du, eta «konponbideen garaian» bereziki prozesua oztopatzeko erabiltzen dutela.
Ezker abertzalearen eskaerarekin bat egin du Eusko Alkartasunak, eta Bateragune auziko auzipetuak zein «jardun politikoagatik» epaituko dtuzten herritar guztiak absolbitzeko eskatu du.
Komunikabideen kronikak
Epaiketan eginiko froga dokumentalean oinarrituta dago atzoko sententzia. Omenaldian Otegik esan omen zituen hitzak hainbat komunikabide idatzitatik jaso zituzten akusaziokoek, eta hitz horiek terrorismoa goresten zutela salatu zuten. Epaimahaiaren arabera, baina, omenaldiaren grabaketan jasot dauden adierazpenek eta akusazioak aurkeztutakoek «ez dute bat egiten». Sententziak dio «objektibotasun handiagoa» duela auzi saioan ikusitako bideoak kazetarien kronikek baino.
Era berean, akusaziokoek Otegi zigortzeko eskatu zuten Sagardui eta Nelson Mandela eta Euskal Herriko eta Hego Afrikako gatazka politikoak alderatu zituelako. Adierazpenak egin zituenean espetxean zegoen Sagardui; apirilaren 13an atera zen, 31 urteko zigorra beteta. Epaimahaiaren arabera, Otegik eginiko alderaketa «ez da egokia», baina hitzok terrorismoa goratzeko delituarekin zerikusirik ez dutela nabarmendu du.
Mandelak bezala, Sagarduik «injustiziaren aurka jokaleku demokratiko bat lortzeko» borroka egiten zuela esan zuen Otegik omenaldi horretan. Presoen kolektiboak «kartzela, errepresioa, sufrimendua, konpromisoa, leialtasuna eta diziplina» ezagutzen dituela ere esan zuen, eta «haiek emandakoari esker» Euskal Herrira «demokrazia eta justizia» ekarriko dutela. Epaimahaiaren arabera, Otegiren hitzetatik ezin da ondorioztatu haren asmoa Sagarduiren edo ETAko kideen ekintzak gorestea denik, «haren irudiko bidegabea den legedia eta espetxe politika salatzea baizik».
Arnaldo Otegi absolbitu egin dute Gatzaren omenaldiaren auzian
Akusaziokoek aurkeztutako idatzizko frogek eta ekitaldiaren bideoan Otegik esandakoak ez dutela bat egiten adierazi du epaimahaiakAzken hilabeteetan hiru absoluzio jaso ditu Otegik; 'Bateragune auziagatik' dago preso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu