Irlandako Parlamentuan bertan aurkeztu dute Arnaldo Otegi askatzeko Dei Irlandarra, Leinster House-n, Irlandako Parlamentuan. Ekitaldia Gerry Adams (Sinn Fein), Maureen O'Sullivan (Irish Independent) eta Finian McGrath (Irish Independent) parlamentarien babesarekin egin dute, eta hirurek hitz batzuk esan dituzte, labur, ekitaldi hasieran. Gerry Adamsek, Otegirekin izandako harremanaz hitz egin, eta babes osoa adierazi dio Euskal Herrian martxan den konponbide prozesuari.
Aurkezpenean, Fermin Muguruza kanpainaren sustatzaileak, Urko Aiartza Amaiurreko senatari eta giza eskubideen abokatuak eta Robert Ballagh artista irlandarrak hartu dute hitza; Otegiren inguruko film labur bat ere proiektatu da. Gero, Muguruzak kanpaina abiatzeko arrazoiak azaldu ditu; Otegik jokatutako rola goraipatu du, eta estatuak euskal presoekiko duen jarrera arbuiatu.
Ballaghek adierazpena eta Irlandako deialdia babesten duten pertsonen izenak irakurri ditu. Guztira, 38 pertsonek babestu dute eskaera: artistak, kirolariak, politikariak, erlijio buruak, musikariak, unibertsitate irakasleak, idazleak, sindikalistak eta pertsona ezagunak biltzen ditu zerrendak. Horien artean bereziki esanguratsuak dira Derek Warlfield Wolfe Tones taldeko musikari eta abeslaria; Michael Conroy Celtics futbol taldeko jokalari ohia, Patricia Mc Keown eta John Douglas UNISON eta ICTU sindikatuetako buruak, erlijio ezberdinetako lau buru, James Conolly Heron (James Conollyren biloba), eta John Alderdice Stormonteko Asanbladako lehenengo lehendakari izandakoa eta egun Westminsterreko House of Lordseko kidea.
Ekitaldia bukatzeko, Urko Aiartza Amaiurreko senatariak egungo egoeraren azalpen laburra egin eta nazioarteko babesaren garrantzia azpimarratu du, urriaren bukaeran Irlandako Errepublikako Kanpo Aferetako ministroak euskal prozesuari adierazitako babesa adibidetzat jarriz.