Politika

Arnaldo Otegi: "Aspaldiko partez ezker abertzaleak egindako eskaintza bati era positiboan erantzun diote EAJk, EAk, eta EB-IUk"

"Bazterketarik eta baldintzarik gabeko" elkarrizketa eskaintza egin zuen larunbatean ezker abertzaleak Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko ekitaldian. Atzo, berriz, EAJ, EA eta EB-IUko buruzagien erantzuna jaso zuen eskaintza horrek, eta erantzun horietan —nahiz eta ezker abertzeari baldintzak ezartzen zaizkion— elkarrizketa hasteko zantzu onak ikusten dit Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak. Horixe nabarmendu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

2003ko azaroaren 3a
16:16
Entzun
"Ziur aski, aspaldiko partez, ezker abertzaleak luzatzen duen eskaintza bati era positiboan erantzun diote EAJk, EAk, eta EB-IUk", adierazi du Otegik. Horren segidan, ordea, alderdi horietako buruzagiek Anaitasunan proposatutako elkarrizketa prozesuari heltzeko ezker abertzaleari baldintzak ezarri dizkiotela oroitarazi du, bereziki, ETAren indarkeria gaitzestea. Ildo horretatik, ez dela baldintzak jartzen ibiltzeko unea nabarmendu du Otegik: "Guk ez dugu proposamen zehatz bat jarri mahai gainean, baizik eta arazo potolo bat: gatazka gainditzeko borondaterik dagoen ikustea. Erantzuna baiezkoa bada, ez da elkarrizketarako baldintzarik jarri behar".

Hain zuzen ere, ezker abertzaleak ere baldintzak jar ditzakeela esan du Otegik, baina unearen garrantzia aintzat hartuta ez dutela horrelakorik egingo. "Ezker abertzaleak posible luke esatea alderdi horiekin hitz egiteko baldintza dela maiatzaren 25ko hauteskundeetako emaitzak onartzea. Baina ez dugu egin, eta ez dugu egingo, gure ustez ez delako baldintzak jartzeko unea. Alderdi horiek konturatu behar dute gure eskaintza ez dela eskaintza taktiko bat, boto bila egindako eskaintza bat".

Behin elkarrizketa hasten denean, eta agenda bat ezartzen denean, indarkeriaz eta beste hamaika aferez hitzegiteko astia egongo dela erantsi du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.