Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena jakin bezain laster, Arnaldo Otegi Bateragune auziko zigortuetakoak txio batean esan du epaiarekin "Espainia den bezalakoa" agertu dela. "Gezurrekin eta akusazio faltsuekin espetxeratu gintuzten, zigorra bete genuen... Bake estrategia eraikitzeagatik espetxeratu gintuzten. Gaur agerian utzi dute beraien gezurra. Gure irribarrea zabalagoa da eta Espainia den bezalakoa agertu da: estatu antidemokratikoa".
Ondoren, Europako Parlamentuan emandako prentsaurreko batean adierazi du inhabilitazioa eteteko "bideak zabalik" direla. 2021 arteko inhabilitazioa du. Hala ere, Otegiren esanetan, "gaurkoa ez da sententziaz termino juridikoetan hitz egiteko eguna. Batzuk justizia poetikoa eta politikoa konkistatu genuen". EH Bilduko koordinatzaile nagusia da egun. 2016an EAEko bozetan aurkeztea eragotzi egin zion Espainiako Justiziak.
Arkaitz Rodriguez izan da aurrenetakoa epaia baloratzen. Bateragune auzian zigortu zuten Rodriguez, eta gaur egun Sortuko idazkari nagusia da. "Beti esan genuen errudunak ginela, herri honetan bakeari eta esperantzari leiho bat irekitzeko ekarpena egitearen errudun. Eta estatua, sententzia honek baieztatzen duen gisan, bide guztietatik hura oztopatzearen errudun da. Bakoitzari berea" idatzi du Twitter sare sozialean.
Hodei Otegik, Arnaldo Otegiren semeak, urteotan pasatutako "sufrimendua" ekarri du gogora. "Pasatako sufrimendua, dispertsioa, amonaren heriotza... Haien berri txarrak gure berri onak direlako". Jone Goirizelaia abokatua, berriz, pozik agertu da epaiarekin, haren hitzetan, frogatzen duelako Espainian justizia "politizatu eta instrumentalizatu" egiten dela.
Ernai gazte antolakundearen iritziz, berriz, "zaplastekoa" izan da Madrilentzat. "Espainiar erregimenak Ezker Abertzalea lurperatzeko egindako saiakeren aurrean, Estrasburgoren zaplastekoa. Justiziarik ez faxismoaren haranean", esan dute.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak gogoratu zuen ez dela izan Espainiaren aurka Europak emandako lehen epaia. "Eremu batzuetan gogoeta egiteko balio beharko luke".
EAJk esan du Europatik horrenbeste "gaitzespen" judizial jaso izanak Espainiako Justizia Administrazioa "lotsarazi" egin beharko lukeela. "Ordua da bere egiturak, funtzionamendua eta aukeratzeko irizpideak goitik behera berrizta ditzan eta bere jarduerak Europako estandarren mailara eraman ditzan, giza eskubideak defendatzea xede".
Joseba Egibar EAJren GBBko buruak, berriz, "bulkada politikoagatik" epaitu eta zigortu zituztela salatu du, ETB1en: "Urte horietara joz gero, argi dago PSOEk egin zuela saiakera T4ko atentatuaren ondoren ETArekin harremana mantentzeko. Horrek huts egin zuen, eta etorri zen mendeku politiko gisako bat, Rubalcabak bultzatua, [Bateragunekoak] auzipetu eta gertatutakoa ordain zezaten".
Lohitzune Txarola EAko Giza Eskubideetarako idazkariak eskatu du "euskal auziak Euskal Herrian epaitu" behar direla, "gutxieneko berme juridikoak gordetzeko".
Katalanen erantzuna
Herrialde Katalanetatik ere iritsi dira Estrasburgoko auzitegiaren erabakiaren oihartzunak. Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak nabarmendu du gero eta gehiago jartzen dela auzitan espainiar justizia Europan.
Molt satisfet que Estrasburg hagi donat la raó a @ArnaldoOtegi i a la resta de condemnats del cas #Bateragune, perquè no van tenir un judici just ni un tribunal imparcial. La justícia espanyola, cada vegada més qüestionada a Europa. https://t.co/a4fMT7L191
— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) 2018(e)ko azaroaren 6(a)
Antzeko bidetik, Espainiako justizia "beste behin ere ebidentzian" geratu dela adierazi du ERCk.
â—ï¸ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂLa justícia espanyola ha quedat un cop més en evidència a Europa. Avui ha guanyat @ArnaldoOtegi, també guanyarem nosaltres! #LlibertatPresosPolítics#LlibertatPresesPolítiqueshttps://t.co/ZWtqxSYG0m
— Esquerra Republicana (@Esquerra_ERC) 2018(e)ko azaroaren 6(a)
CUPek, berriz, salatu du "oso ohikoa" dela Espainiako Estatuak eskubie zibil eta politikoak urratzea: "Zigor injustuetan oinarritzen den egitura zaharkitua da, sasi-epaiketena, alde bakarreko epaimahaiena, eta frankismoaren ondorengo den Auzitegi Nazionalarena. Eta Estrasburgok arrazoi eman dio Otegiri berriz ere".