Gainerako alderdi politikoetako buruzagiek ez bezala, Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik (Espainia) jarraituko du igandean udal eta foru hauteskundeen eguna. Hala, kartzelatik bidali du EH Bilduren hautagaitzari babesa ematen dion gutuna.
Duela lau urte EH Bilduren hautagaitza "independentista eta antioligarkikoek" emaitza "paregabeak" lortu zituztela dio, eta lau urtean lorpen eta aurrerapen asko egin direla uste du. Hala ere, "ilungune eta atzerakada batzuk" ere izan direla erantsi du: "EH Bildu osatzen dugun gizon-emakumeak ez gara perfektuak".
Otegiren arabera, EH Bilduk ez du arazo guztiak konpontzeko formula "magikorik"; "bere burua behar bezala antolatzen duen herriak konpon ditzake bere arazoak".
Orain arteko lorpenak sendotzea, "galdutako lur-eremuak berreskuratzea" eta "ekimen politikoa azkartzea" dagokiela gaineratu du Otegik bere gutunean. "Herriaren babesik handiena behar dugu askapen prozesuari jauzi kualitatibo bat eman ahal izateko".
Arnaldo Otegi Bateragune auzia dela-eta dago kartzelan azken sei urteetan.