Arnaldo Otegiren iritziz hilaren 20an PPk Espainiako hautekundeetan lortu zuen gehiengo osoa abantaila bat izan daiteke bake prozesuan aurrera egiteko, "Raxoik borondatea badu". El Correo egunkariak argitaratu du gaur Otegiri Logroñoko espetxean galdetegi baten bitartez egindako elkarrizketa.
Espainiako hauteskundeen ondoren eman duen lehen elkarrizketa izateaz gain, ETAk borroka armatua utzi zuenetik eman duen lehena ere bada, eta Otegik esan du albistearen berri izan zuenean lehenik "Estatuaren zenbait sektoreetatik erabaki hori gauzatzea sahiesten zirenetaz" gogoratu zela.
Hain zuzen, hauteskundeen ondoren PPko zenbait bozeramailek egindako adierazpenek kezkatzen dutela gaineratu du Otegik. "Guztion artean PPk bake prozesuarekiko probokazio edo immobilismo jarrerei eutsi diezaiola eragotzi behar dugu". Raxoiren gobernuaz arduratsua izatea espero duela adierazi du.
Bigarrenik mehatxatuta bizi ziren hautetsi eta enpresarietaz gogoratu zela gaineratu du, eta azkenik, hildakoetaz: "Euren memoriak balio beharko digu gure Euskal Herri zahar honetan gure ezberdintasun politikoak inoiz gehiago ez daitezen indarkeriarekin erabaki".
Elkarrizketan Otegik dio urteetako lana izan dela proiektu independentista estrategia baketsu eta demokratikoarekin soilik bideratzea, eta kazetariaren galderari erantzunez azpimarratu du ez dagoela atzera egiteko arriskurik: "Hori desiratzen dutenak ez daude ezker abertzalean, baizik eta sektore politiko, judizial, mediatiko eta militarretan".
Edonola Otegik dio "hain gai labainkorrean" ez dela presa izan behar. ETAk eragindako mina aitortuko duela ziur ageri da elkarrizketan, "erabakitzen duenean eta erabakitzen duen moduan". "Aitortuko al du Espainiako Gobernuak bere estrategiek sortutako mina, Erresuma Batukoak egin zuen moduan?", galdetu du ondoren.
Ezker abertzaleak ETAren biktimekiko keinu bat egingo duela dio, "Gernikako Adierazpena jarraituz". Eta bide horretatik eman beharreko hurrengo pausoak Aieteko Ebazpenean eta Gernikako Adierazpenean jasota daudenak direla gaineratu du.