Euskal Herriko gatazka

Arnaldo Otegiren arabera, gatazka gainditzeko unea ailegatu da, eta Ibarretxe Planaren gainetik eztabaida horri heldu behar zaio

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiaren iduriko, Euskal Herriko gatazkaren inguruko eztabaida egoera gainditzeko parametro egokian kokatuta dago une honetan; hots, autodeterminazio eskubidearen inguruko debatean. Horregatik, gatazka behin betiko gainditzeko momentua heldu dela iruditzen zaio, eta Ibarretxe Planaren gainetik ahalegin horri heldu behar zaiola. Euskadi Irratian egin ditu adierazpen horiek Otegik.

2003ko abuztuaren 25a
19:14
Entzun
Neurri handi batean, Euskal Herriko gatazkaren inguruko eztabaida une honetan dagoen puntura eramatea ezker abertzalearen lan politikoaren ondorio dela uste du Otegik, eta ezker abertzalearen dinamikak eraman duela EAJ Ibarretxe Plana bezalako proposamen bat egitera. "Duela inork ez zuen planen beharrik ikusten, eta ezker abertzaleak zerbaiten beharra plazaratzen zuenean, erotuta zegoela, errealitatetik kanpo bizi zela esaten zitzaion. Orain, mundu guztia planak egiten ari da, Euskal Herriaren inguruko eta autodeterminazioaren inguruko proposamenak. Azken batean, frogatu da ezker abertzaleak arrazoi zuela. EAJplan bat egiten ari da beren proiektuak porrot egin duelako, eta ezker abertzaleari arrazoia ematen dio", adierazi du Otegik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Ildo horretatik, ezker abertzalearen terminoak erabili ezean, une honetan EAJk ezin duela eztabaida politikoan kokatu erantsi du Otegik; hau da, gaur egun, bere burua abertzaletzat duen guztiak, zazpi herrialdeak, burujabetza zein autoderminazioa aintzat hartu behar dituela.

Funtsean,ezker abertzalearen urtetako lanaren eta 1998an Lizarra-Garaziren inguruan abiatutako prozesuaren ondorioz, gaur egun, eztabaida behar den lekuan kokatzea lortu dela iritzio dio Otegik, eta, beraz, heldu dela gatazka gainditzeko momentua. "Horregatik, eztabaida serio bat aurrera eramateko momentua da.Behar dena ez da Ibarretxe Plana, edo Otegiren plana, edo beste norbaitena… Eztabaida serio bat eta Euskal Herri osorako plan komun bat behar da". Hain zuzen ere, ezker abertzaleko buruzagiaren arabera, Euskal Herri osoko eztabaidaren falta da Ibarretxe Planaren akats nagusietako bat, eta eurek ez ezik, Aralarrek eta ABk ere hala iritzi diotela nabarmendu du.

"Gatazka gaindituko da Euskal Herria, osotasunean, erabakiaren jabe denean. Beraz, goazen prozesu hori abian jartzera", adierazi du. Hain zuzen ere, Otegik uste du ez dela plan zehatzak eztabaidatzeko garaia; hau da, Ibarretxerena, edo EB-IUren proposamen federalista, edo azkenaldian entzun diren beste zenbait. Atzitik, horren aurreko fasea dela uste du: "Bestela, guk independentzia planteatuko genuke, baina ez da horretarako unea, eztabaida zabalago batena baizik".

Nazio Eztabaidagunea lehentasun

Ibarretxe Planari ezezkoa emango diotela berretsi du Otegik, baina, nolanahi ere, Eusko Legebiltzarreko eztabaidan parte hartuko dutela. Dena den, euren lehentasuna ezker abertzaleko udal hautetsiek bultzatutako Nazio Eztabaidagunean gauzatzen ari den eztabaida dela azaldu du Otegik. "Lehentasun osoa dauka guretzat, eztabaidagune horretan biltzen direlako nazio ikuspegi batean oinarrituta Euskal Herrian denen artean plan bat egiteko interesa duten sektore asko". Foro horretako parte hartzaileek euren izenean esku-hartzen dutela erantsi du Otegik, ez alderdi edo erakundeen ordezkari gisa, baina, ahal ere, EAJ bakarrik falta dela eztabaidagune horretan.

Nazio Eztabaidagunean bi helburu nagusi dituela agertu du: nazio eraikuntzan oinarritutako agenda politiko bat eratzea eta bake proposamen berritu bat, gatazka gainditzeko plan zehatz bat marraztea.

Euskal Herriko herrialde guztietan egoera ez dela berdina, eta bakoitzak bere erritmoak izanbehar dituela onartu du Otegik, baina horren guztiaren atzean, nazio ikuspegitik egindako plan ba behar dela. "Posible da une batean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurreraurrats bat egitea. Erritmoak ez dira berdinak, badakigu. Baina ezin dena da, Nafarroa edo Lapurdi guztiz baztertzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.