Arnaldo Otegiren inhabilitazioa

Arnaldo Otegiren hautagaitza behin betiko baztertu du Auzitegi Konstituzionalak

Auzitegiak ez du tramiterako onartu EH Bilduko lehendakarigaiaren helegitea, eta, beraz, Otegi ez da legezko hautagaia izango. Erabakia irmoa da, eta ezin zaio helegiterik jarri. Erabakiaren berri jakin aurretik esan du Otegik legebiltzarrean eseri ezin bada badirela "bestelako aukerak".

Gipuzkoako zerrendak aurkeztu ditu EH Bilduk Donostian. JUAN HERRERO, EFE
2016ko irailaren 6a
07:24
Entzun

Arnaldo Otegiri sufragio pasiborako eskubidea ukatzen diona zigor osagarria denez, zigor nagusiarekin batera amaitzen dela argudiatu zuen Iñigo Iruin abokatuak, eta, beraz, Otegik eskubide zibil eta politikoak indarrean dituela espetxetik atera zenetik. Baina auzitegiek ez diote arrazoirik eman. 2021era arte inhabilitatuta dago, eta eskubide hori ukatuta dauka Otegik, epaitegien arabera; ezingo da izan EH Bilduren lehendakarigai ofiziala. Hala ere, koalizioak esana dauka eutsi egingo diola haren hautagaitzari.

Auzitegi Konstituzionalak eman du azken erabakia: Otegiren helegitea ez du tramiterako ere onartu, eta, horrenbestez, orain arte emandako ebazpenek behin betiko izaera dute. Konstituzionalaren aurretik beste bi organok baztertu dute Otegiren hautagaitza: aurrena, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak, eta, gero, Gipuzkoako Administrazioarekiko auzitegiak.

Gaiaren muinean ez da sartu, horrenbestez, Konstituzionala. Aurreneko salako magistratuek aho batez erabaki dute, ordubeteko bilera batean, gaia aztertu ere ez egitea.

Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak eman zuen aurreneko erabakia. Otegi “hautaezina” dela esan zuen, inhabilitazio zigor bat ezarri ziotelako Bateragune auzia zela medio. Otegiren defentsak helegitea jarri zuen administrazioarekiko auzitegian, esanez sufragio pasiborako eskubidea indarrean zuela Otegik.

Administrazioarekiko Auzitegiak, baina, ez zion arrazoirik eman. Ez zituen defentsaren argudioak ezeztatu, baina zehaztu zuen argudio horiek dagoeneko “indarrik gabe” gelditu direla, epai irmo bat dagoelako eta ez zutelako epai horren kontrako helegiterik aurkeztu horretarako ezarritako epean. Erabaki horri jarritako helegitea da gaur Konstituzionalak baztertutakoa.

Horrenbestez, kanpainan parte hartuko duen arren, Arnaldo Otegi ez da egongo irailaren 25eko bozetarako EH Bilduk osatutako zerrendan. Hala ere, Espainiako auzitegiaren erabakiaren aurretik, Otegik berak ohartarazi du EH Bilduk ez duela onartuko "estatuaren esku hartzerik", eta bera legebiltzarrean eseri ezin bada badirela "bestelako aukerak".

EH Bilduk ez du oharrik atera, baina twitterren eman du bere lehen erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.