Krisia eta ingurumena

Arnasaldi bat Lurrarentzat

2008tik, krisi finantzarioa lehertu zenetik, beheraldian dago ekonomia munduan, baita gurean ere. Jarduera gutxitzeak atsedena eman dio Lurrari, oso zigortuta baitzegoen. Alabaina, egoera behin-behinekoa dela ohartarazi dute ekologistek eta adituek. Haien ustez, aprobetxatu beharko litzateke beste eredu bat hartzeko.

inaki petxarroman
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Langabezia, pobrezia, bazterketa. Latzak dira krisi ekonomikoak behartsuenen artean eragiten dituen ondorioak. Lurrak, ordea, atseden hartu du, jarduera gutxitzearen eta moteltzearen ondorioz. Eraikuntzaren sektorea burua altxatu ezinik dabil, duela gutxi adreiluaren alorrak izandako oparotasuna nostalgiaz oroitzen. Duela hogei urteko auto salmentarik txikiena izan zen iaz Hego Euskal Herrian. Berotegi efektuko gasen isurketa ere nabarmen gutxitu zen Euskal Herri osoan. Argindar kontsumoa azken hamarkadako txikiena izan zen. Hiri hondakinak ere murriztu egin ziren lurralde guztietan, kontsumoaren beherakadaren ondorioz.

Alegia, ingurumena oso zigortuta zegoen eta orain arnasa hartu du. Baina ez ote den denbora gutxirako izango beldur da Mario Rodriguez Greenpeaceko kanpainen arduraduna: «Hazkunde ekonomikoaren aldietan ingurumena izaten da kaltetuena. Espainian, espekulazio urbanistikoak latzak egin ditu. Orain eraikuntza geratu da, auto gutxiago saldu, energia kontsumoa eta CO2isurketak ere gutxitu dira. Baina, kontuz, egoera momentukoa da, ez egiturazkoa».

Izan ere, berriz ere hazkunde urteak itzul daitezkeela gogoratu du: «Ingurumenean egoera hobetu egin da, eta hori objektiboa da, baina ez da aldaketa sakonik gertatu: etxeak berritzea bultza zitekeen eraikuntzaren alternatiba gisa; garraio publikoa lagundu auto partikularraren ordez; energia sistema ez da lehen baino garbiagoa, baizik eta kontsumoa jaitsi da. Jarduera falta da; ez dago teknologia aldaketarik».

Hala, hazkundea etorri zain daude sektore ekonomiko eta politikoak: «Proiektu ugari daude haizeak alde jotzeko zain, eta eraikuntza enpresek lurra erosten jarraitzen dute. Hazkundea etorriko da berriz, kapitalismoaren aldian aldiko krisietako batean gaudelako, eta berriro izugarri handituko da adreiluen eta porlanaren kontsumoa, energiarena…».

Iñaki Barcena EHUko irakasle eta Ekologistak Martxan-eko kideak hala azaldu du egoera: «Aspaldian ikasi genuen eko-logia eta eko-nomia jatorriz gauza bera zirela, ekos-aren (etxearen) zaintza, joko arauak, zientzia. Baina «gure» etxearen gobernua merkatu eta pilaketa kapitalistaren logikan jarri denetik hazkundea dugu helburu bakarra. Duela 40 urte zientifikoki erakutsi zen ezin dela etengabe ekoizpena hazi planeta —ama lur— mugatu batean. Beraz, energia eta baliabide materialen ustiapena gutxitzen bada, gure iraupenaren eta ekosistemen mesederako izango da».

Barcenak gogoratu du, gainera, krisi ekonomikoak ez dituela berdin jotzen gizartearen sektore guztiak, eta horregatik uste du ingurumenaren krisia krisi politiko-sozial «sakon» baten eskutik datorrela. «Gaur, adibidez, inoiz baino zabalagoa da luxuzko artikuluen merkatua, eta horrek esan nahi du gizartearen atal txiki batek inoiz baino errenta handiagoa duela elitezko produktuak kontsumitzeko. Repsolek, adibidez, izugarrizko negozioak egiten jarraitzen du, nahiz eta petrolio gutxiago saldu, prezioak oso gora baitoaz».

David Hoyos Ekopol EHUko ekonomia ekologiko eta ekologia politikorako ikerketa taldeko kidearen iritziz, egungo krisia «onuragarria» izan da ingurumenarentzat. «Kontsumoaren bat-bateko jaitsierak natur baliabideen gaineko presioa nabarmen murriztu baitu». Alabaina, horrek ondorio kaltegarri bat ere ekarri du, haren irudiko: «Aurrekontu murrizketek zuzenean eragin baitute. Egoera honetan dirua ingurumenera bideratzea luxutzat hartzen da, bereziki langabe kopuruak etengabe gora egiten duenean».

Modu batean zein bestean, oroitarazi du eredu ekonomikoak baliabideak amaitu ez ezik ezberdintasunak eta langabezia areagotu ere egiten dituela. «Ingurumena errespetatuko duen ekonomia ekologiko batek lanpostu gehiago eta egonkorragoak bultzatzeko balio dezake. Ezinbestekoa da gaur egungo ingurumena biharko ekonomia dela ulertzea». Gainera, krisiaren oinarrian ingurumena bera dagoela uste du David Hoyosek: «2008ko krisiaren giltzarrietako bat natur baliabideen amaiera da, bereziki petrolioarena». Hori azaltzeko, Paul Krugmanek, 2008ko Ekonomia Nobel saridunak, berriki The New York Times AEBetako egunkarian esan duena gogoratu du; alegia, ondasunen prezioa etengabeko igotzea «amaitzen ari den mundu baten seinalea» dela, «baliabideak gero eta urriago diren seinale».

«Aukera galdua»

Egoera horrek ekonomiaren eta ingurumenaren arteko harremana berriz aztertzeko balio beharko lukeela adierazi du Hoyosek. «Ekonomia ezin zaie gainjarri oinarri biofisikoek ezartzen dizkiguten mugei: ama lurraren mugetara egokitu beste aukerarik ez du». Horretarako, hazkundea baino gehiago, deshazkundea da bidea, EHUko irakaslearen ustez. «Hau hala egiten ez den artean etengabe krisian egongo gara. Iraganeko errezetak ez dira baliagarriak jadanik. Eredu ekonomiko hau berriz pentsatu beharra dago».

Hori ez dago, ordea, agintarien agendetan. Greenpeaceren ustez, gauzak beste era batera egiteko aukera galtzen ari da. «Petrolioaren aurreko krisian bezala gertatzen ari da, 1973an bezala. Beste ekoizpen sektore batzuk indar zitezkeen, eta hirigintzari eta harekin estu lotua dagoen ustelkeriari mugak jarri. Landagunearen utzikeria historikoari hel zekiokeen, nekazaritza ekologikoa bultzatu, energia berriztagarriak sustatu. Gauzak beste era batera egiteko aukera hau, ordea, ez dago alderdi bakar baten agendan ere».

Hori egin beharrean, «funts gutxiko» oso proposamen «ikusgarriak» egiten dituzte politikariek. Esaterako, petrolioa aurrezteko, autobideetan orduko 110 kilometroko abiadura muga ezartzea. Egokitzat joko lukete Hoyosek eta Rodriguezek neurri hori, norabide oneko testuinguru baten barruan hartuko balitz. Espainiako Gobernuaren orain arteko politikak kontuan hartuta, ordea, sinesgarritasuna falta zaie halako neurriei: «Nola liteke petrolioaren kontsumoa murriztu nahi izatea abiadura mugatuz Europako Batasuneko autobide eta autobia sare handiena bultzatuz? Nola liteke gizarteari abiadura mugatzeak dituen onurez hitz egitea abiadura handiko trenaren aldeko apustua eginez?», galdetu du Hoyosek.

Hala, EHUko irakaslearen irudiko, agintari politikoek «ikuspegi laburra eta jarrera atzerakoia» dute. «Berehalako mozkinak nahi dituzte, etorkizuneko belaunaldiei utziko diegun horretan pentsatu gabe, eta iraunkortasunak eskatzen dienaren guztiz kontrakoa egiten dute, hain zuzen ere», gaineratu du.

Petrolioaren krisia

Gero eta gehiago hitz egiten da petrolioaren aroaren amaieraz eta energia krisiaz. David Hoyosen irudiko, energia krisia ez da atzoko kontua: «Duela zenbait urtetik hona petrolioak —eta gainontzeko lehengaiek— goia jotako ebidentziak etengabe ugaritu dira. Ustiapenean goia jo dugula adierazten dute; alegia, hemendik aurrera murrizketa bat gertatuko da eskaintzan. Kontua da behin betiko egiturazko arazo bat —energia merke eta oparoaren amaiera— behin-behineko arazoen pilatze baten moduan azaltzen zaigula —Afganistan, Irak, Libia...—».

Egoerari aurre egiteko bide bakarra ikusten du Hoyosek: «Energia eredua aldatu, aurrezteko apustu garbi bat eginez, berriztagarriak bultzatuz eta, ahal den neurrian, petrolioa hidrogeno berriztagarriekin ordezkatuz».

M. King Hubbert geofisikoak iragarri zuen AEBetako petrolioaren ekoizpenak 1971ean joko zuela goia, eta 1970an jazo zen. Haren teoria osatu eta hobetu dute gerora, eta ASPO erakundeak (Gas eta Petrolioaren Zenita Ikertzeko Erakundeak), haren teoria baliatuz, iragarri du petrolioak eta gasak 2008an jo zutela goia munduan. Beraz, beheraldian gaudela dagoeneko.

Magrebeko krisi politikoak agerian utzi du, berriz ere, Europako herrialde aberastuek erregai fosilekin duten menpekotasuna. Horri gehitu behar zaio, Rodriguezen irudiko, petrolio baliabideen urritasuna. «Konpainiek gero eta urrutiago joan behar dute petrolio bila, eta gero eta sakonago. Dirutza izugarriak ari dira horretan gastatzen, teknologia garbietan inbertitu beharrean». Laster, gainera, petrolio upelaren prezioa 140-150 dolar inguru kostatuko dela uste du Rodriguezek, eta horrek guztiz kolokan jar dezakeela herrialde baten ekonomia. «Garapen ereduaren aldaketaren oinarria energia ereduaren aldaketa da. Eredu berriaren oinarriak aurreztea, eraginkortasuna eta iturri berriztagarriak dira. Horretan pentsatzen hasi beharrean, neurri izarretan inbertitzen dute edo jendeari esaten diote energia sortzeko edozein moduk balio duela».

Hor kokatu du azkenaldi honetan lobby nuklearrak egindako presioa eta irabazitako sinesgarritasuna. Japoniako krisi nuklear larria gertatu den arte behintzat, haizeak guztiz aurka jotzen baitu orain harentzat. «Horrelako arriskuak dituen energia baten alde egitea, hondakinentzat irtenbiderik izan gabe, gainera, arduragabekeria ikaragarria da».

Energia krisiak beste sistema bat ekarriko duela ziur da Barcena. «Eredu aldaketa ezinbestekoa da. Petrolioak goia jo du, eta uranioak eta beste erregai fosilek, antzera. Trantsizioaren bidea urratu beharko dugu. Nola, horixe da kontua. Leku askotan ikatzaren osteko hiriak ari dira planteatzen, petrolioari loturiko eredua pikutara baitoa. Gurean ekofeminismo sozialistak, hots, genero klase eta ingurumen krisiak biltzen dituen ideologia berriak, deshazkundearen ildoak markatzen ditu, ekofaxismoaren arriskuari aurre egiteko. Trantsizioa demokratikoa edo autoritarioa izango da, baina energia eta ekonomia eredu hazkorrarenak egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.