Aro berrirako beste aldarte bat behar da Bilboko protestako deitzaileen ustez

Eskubide guztiak guztientzat lortzeko bideak «errespetu eta argitasunez aritzea» eskatzen du haientzat

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Urriaren 2ko Bilboko manifestazioak harrotu dituen hautsak harrituta dauzka antolatzaileak, eta manifestazioa zergatik eta zer helbururekin deitu zuten argitzeko oharra ateratzea erabaki dute. Parte-hartzaileei eskerrak ematearekin batera, izandako hainbat jokabideren inguruko gogoeta eskatu dute deitzaileek. «Manifestazio plural bat egin behar da joaten direnekiko errespetuz, batzen dituzten leloak errespetatuz, beste lelo batzuekin lelo horiek gainditu gabe, eta elkarrekiko konfiantza sortuz».

Beste aro politiko batean sartzeak beste jarrera bat eskatzen du manifestazioko deitzaileen ustez, «elkartzeko aukerak sortzeko eta bizikidetzarako gutxieneko batzuk adosteko, guztientzat eskubide guztiak errespetatuz». Oharra izenpetu dute Felix Cañadak, Alfonso Duboisek, Pedro Ibarrak, Natxo Isuskizak, Jose Luis Longartek, Gabriel Mariscalek, Mari Carmen Morenok, Maixux Rekaldek, Paul Riosek, Ramon Zallok eta Txaro Arteagak. «Heldutasun,errespetu eta argitasun gehiago eskatzen du ahaleginak bildu eta partekatzeak», haien ustez. Hargatik kritika baikorra eta eraikitzailea egitera deitu dute. Ez manifestazioen debekuei. Inolako inposiziorik ez, inolako indarkeriarik ez. Giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen alde leloa eraman zuen manifestazioak, eta aspaldian manifestazioan bildu den jendetzarik handiena bildu zuen Bilbon.

Barkamenak

Manifestazioa deitzea erabaki zutenean alderdi eta eragile askori manifestaziorako gonbidapena egin zietela esan dute. Uste dute nahikoinformazio jaso zutela guztiek, baina norbait deseroso edo behar bezala ez bada informatuta sentitu «nahigabe egindako hutsegitea» izan zela esan dute, eta barkamenak eskatu dituzte. Baina gehitu dute ez dutela partekatzen nahiko informazio ez zutela diotenen baieztapena, nahiz eta errespetatzen duten.

Adierazi EHri hitza zergatik eman zioten ere argitzen dute. Haiek manifestazioa birritan deituta eta debekatu ostean, haien mezua zuzenean, bitartekaririk gabe adierazteko aukera eskaini nahi zieten, gizarteak, hala, debekuak bidezkoak izan ziren edo ez ondoriozta zezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.