Jaurlaritzaren Estatutu proposamena

"Aro politiko berri bat, atzera bueltarik gabekoa" hasi dela uste du Jaurlaritzak

Eusko Legebiltzarreko batzordeak atzo Ibarretxeren Planaren behin betiko txostena onartu zuela eta, "aro politiko berri bat, atzera bueltarik gabekoa" hasi dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Miren Azkarate bozeramaileak esan duenez, Gasteizko Gobernua gustura dago "eztabaida gauzatu" delako. Halaber, Jaurlaritzaren ekimenak gainerako indar politikoak "mugiarazi" dituela nabarmendu du.

2004ko abenduaren 21a
16:59
Entzun
Eusko Legebiltzarreko batzordeak atzo hartutako erabakia duela urtebete "pentsaezina" zela esan du Azkaratek: "PPk eta PSOEk jarritako zangotraba eta etengabeko oztopoen ondorioz pentsezina zen".

"Eskomikatzeko adinako pekatua zen Legebiltzarrean Gobernu honen ideiei buruz hitzegitea; PPk eta PSOEk Auzitegi Kontituzionalera eta guzti jo zuten eztabaida eragozteko", erantsi du Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Finean, Ibarretxeren Planak aurrera egitea pozgarria dela iritzi dio Azkaratek, besteak beste, gainerako indar politikoak mugiarazi dituelako eta "pentsamendu bakarraren" sasoia amaitarazi duelako. "Jaurlaritzaren eztabaida politikoa gidatzeko gaitasunak guztiak mugiarazi ditu: sozialistak, Batasuna eta baita PP ere, nolabaiteko naturaltasunaz mintzatzen baita estutuen eta Konstituzioaren erreformaz", esan du.

Ibarretxeren Planaren bidez herritarrek etorkizuna erabakitzeko aukera zabaldu dela nabarmendu du: "Horregatik, baikor eta ilusioz begiratzen diogu etorkizunari".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.