Egungo egoera politikoari buruz eta egoera horretara iristeko egindako ekarpenari buruz Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek herenegun PSE-EEko konferentzia politikoaren amaieran eginiko hitzekez dute, alderdi askoren iritziz, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak orain arte egindakoa islatzen. Aitzitik, ekimena hartzeko, urratsak egiteko, eta lehendakari gisa dagokion lidergoa hartzeko eskatu diote, bai zuzenean eta baita hedabideen bitartez ere.
Bilerak alderdiekin
Zuzenean, Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi Pello Urizarreketa Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak egin zizkioten atzo eskaerak, Patxi Lopezekin bildu baitziren, banaka, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin lehendakaria egiten ari den bilera saioen baitan. Bilera horietan bi alderdiotako ordezkariek beragandik espero dutena azaldu zioten Lopezi.
Gernikako Akordioan bildutako konpromisoen potentzialitatea aintzat hartzeko eskatu zion Urizarrek Lopezi, printzipio horiek, EAko idazkari nagusiaren hitzetan, «Euskal Herria behin betiko baketzean eta normalizazioan sarrarazteko bide-orria osatzen dutelako». Gernikako Akordioaren oinarriak «aktibatzeko» galdegin zion lehendakariari, «urratsak egin dituzten agenteak daudelako», eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ere «aktiboki inplikatu behar dutelako gatazka konpontzeko prozesuan».
Aranak, berriz, alderdien mahaia antolatu dezan eskatu zion Patxi Lopezi, ETAren indarkeria errefusatuta ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde egin duen apustuak irekitako egoera berriak urrats hori egitea eskatzen duelako. Aranaren ustez, alderdien mahaiak bake eta normalizazio politikorako esperantza irudikatuko luke.
Aralar joan den astean bildu zen EAEko lehendakariarekin. Atzo, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak esan zuen Lopezi eskatu ziotela Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean ekimen instituzional bateratu bat egiteko bake prozesuaren inguruan. Aralarrentzat Gernikako Akordioa da bake prozesuaren bide-orria, Zabaletak esan zuenez, «baina bestelako ekarpen batzuk egitea ere garrantzitsua da», eta hor kokatu du arlo instituzionaleko ekimen hori.
Normalizazioan lagundu
EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrentzat «tristea» da Lopezek epaileen esku uztea Sorturen legalizazio prozesua, «alderdiek eta erakundeek normalizazio prozesuan lagundu egin behar dutelako». Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean, Ortuzarrek EBBko buru Iñigo Urkulluk igandean esandakoa errepikatu zuen, alegia, EAJk Sortu legeztatzea nahi duela, berehala, maiatzeko hauteskundeak baino lehenago, ezker abertzaleak «B edo C planik» erabili beharrik gabe.
Ortuzarrek gaineratu zuen alderdiekin bilerak egiten ari den arren Lopezek oraindik ez duela jakinarazi zer egin behar duen, «zer edo zer egin behar badu». Horregatik «mugitzeko» eskatu zion Lopezi eta «lider gisa» jokatzeko, diskurtsoetara mugatu gabe.
Igandeko ekitaldian Lopezek esan zuen berak gidatuduen politikak «jakinarazi» diola ETAri «bere etorkizun bakarra desagertzea dela», eta ezker abertzaleari, berriz, «politika egin nahi badu bide bakarra demokrazian sartzea dela». «Oraingoan lor dezakegu ETAren indarkeriaren amaiera», esan zuen, eta «bakeranzko» bidean «gidari» izaten jarraituko duela «zuhurtasunez eta irmo, amarruetan erori gabe, baina indarkeriaren behin betiko amaieran aurrera pausoak eman daitezen eragotzi gabe».
Aro politiko berrian urratsak egiteko eskatu diote alderdiek Patxi Lopezi
Gernikako Akordioaren printzipioak aintzat hartzeko eskatu dio Urizarrek Lopezi, eta alderdien mahaia osatzeko AranakEAJrentzat «tristea» da Lopezek epaileen esku uztea Sorturen legalizazio prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu