Aroztegiko proiektua bertan behera uztea nahi du Aroztak mugimenduak; hots, Lekaroz herrian (Baztan, Nafarroa) 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat egiteko proiektua geldiaraztea. Horretarako, kanpaldia egin dute 11 egunez, baina hura bertan behera uztea erabaki du Aroztak mugimenduak: «Joan den ortziralean eraman zituzten Aroztegia eremutik hondeamakina,k eta borroka luze honetan ospatzeko moduko garaipena izan da. Hala ere, ez dugu atzendu behar helburua udalez gaindiko eragina duen plan hau bertan behera gelditzea dela eta ez dugula etsiko hori lortu artio».
Mugimenduak adierazi du kanpaldiak iraun duen egunetan «ingurua xehatzeko helburua zuten horiek» gelditu dituztela, «makinen aitzinean paratuz» horien gorputzak: «Elkarri helduta egin diogu aurre egunero mehatxatzera etorri zaizkigun kolore ezberdinetako indar errepresiboei. Hamaika izan dira kanpalditik kanpo lanean aritu diren lagunak ere. Elkartasun olatu batek babesa eta indarra eman digu, Lekarozko herritik hasita, Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatuz».
Ikusirik hondeamakinak joan egin direla, kanpaldia amaitutzat ematea erabaki dute, baina dei egin dute maiatzaren 15ean 17:30ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestaziora joatera: «Ez gara zozoak, badakigu proiektu honen bulkatzaileak ez direla horretan geldituko, baina jakin behar dute gu ere prest gaudela behar den guztietan itzultzeko. Txikizio honekin segitzeko tentazioa edukiz gero, itzuliko gara, eta berriz ere geldituko ditugu».
Protestan aritu direnek, enpresaz gain, Nafarroako Gobernua eta «hura babesten duten alderdi politiko guztiak» egin ditu erantzule: «Inposizio hau ez delako posible eroskerian eta ustelkerian oinarritutako sistema bat onartzen duten eta horren parte diren ordezkari politikorik gabe». Horregatik, gobernuari eta «modu zuzenean edo zeharka hura babesten duten alderdi guztiei» eskatu diete udalez gaindiko eragina duen plana bertan behera uzteko.