POLITIKA

Arraiz epaitzea nahi du Dignidad y Justiciak, Segurako auziagatik

Ez du babestuko fiskaltza Sortuko presidentearekin negoziatzen ari den akordioa. Herri akusazioa da elkartea, eta bere salaketarekin soilik aurrera egitea aztertu behar du epaimahaiak.

Iñigo Iruin abokatua eta Hasier Arraiz, EAEko Auzitegi Nagusian, otsailean. MARISOL RAMIREZ
jokin sagarzazu
2016ko apirilaren 19a
07:39
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioko ezker abertzaleko beste 35 auzipetuak ez bezala, Hasier Arraiz epaitu dezakete sumario horrengatik, EAEko Auzitegi Nagusian. Dignidad y Justicia 2000. urtean ETAk hildako Luis Portero Andaluziako fiskalburuaren senideak ordezkatzen dituen elkarteak ez du babestuko epaiketa egin ez dadin EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltza eta Iñigo Iruin Hasier Arraizen abokatua negoziatzen ari diren zigorra —horren arabera, ez lukete espetxeratuko—.

Herri akusazio gisa pertsonatua dago elkartea auzian, AVTrekin batera — elkarte horrek ez du bere jarrera argitu oraindik—. Daniel Portero Dignidad y Justiciako buruak azaldu duenez, “hildakoei traizio egitea” litzateke “biktimen eta borreroen arteko laguntasun akordio batekin” amaitzea auzia. Aitortu du, halere, epaiketa eginda ere oso litekeena dela Arraiz ez zigortzea, baina azpimarratu du erabakia hartu dutela “koherentziagatik” eta “irizpide juridikoak alde batera utzita”.

Fiskaltzak bere akusazioa erretiratuko balu, Dignidad y Justiciaren salaketarekin soilik epaiketa egin edo ez aztertu beharko luke epaimahaiak: Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Bolado zigor salako magistratuek osatzen dute.

2008an Espainiako Auzitegi Gorenak ordura arteko jarrera aldatu eta zilegitasuna eman zion herri akusazioarekin soilik epaitzeari, fiskaltzaren akusazioa eta akusazio partikularra ez dagoen kasuetan, “jabego kolektiboaren ondasunei dagozkien delituetan, edo izaera zehaztugabea dutenean”. Atutxa doktrina izenarekin ezaguna da irizpidea eta ezarria izan da, besteak beste, Euskaldunon Egunkariaren aurkako auzian.

Fiskaltzaren eta auzipetuen arteko akordioei amaiera jarri nahi die Diginidad y Justiciak. Aurreko astean akordioa egin zuten 4/2014 sumarioko auzipetuek Auzitegi Nazionaleko fiskaltzarekin; kasu horretan, biktimen elkarteek ez zuten akusazio gisa parte hartu. Bai, ordea, maiatzaren 17an hasiko den beste epaiketa batean. Kasu horretan Dignidad y Justiciak ere baztertu egin du akordioa egitea. Ekineko kide izatea egotzita bederatzi lagun epaituko dituzte

10 urteko eskaera

04/08 sumarioan auzipetuta dago Arraiz, baina hura ez zuten Auzitegi Nazionalean epaitu. Hainbat atzerapenen ostean, urtarrilean hasi eta otsailean amaitu zen epaiketa, auzipetuek fiskaltzarekin eta akusazioekin akordioa eginda. Arraiz, foruduna izanik, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar dute; maiatzaren 9rako jarria du epaiketarako lehen eguna.

Auzitegi Nazionalean eginiko epaiketan auzipetuek fiskaltzarekin eta herri akusazioekin —tartean Dignidad y Justicia— adostatutako zigorrean onartu egin zituzten akusazio idatzietan haien aurka esandakoak eta ETAren indarkeriaren biktimei egindako "kaltea", eta uko egin zieten "indarkeriarekin lotutako jarduerei". Bi urteko espetxe zigorrak onartu zituzten, baina ez zituzten espetxeratu. Kargu publikoetarako inhabilitazio ezarri diete.

Hain zuzen ere, inhabilitazio horrren zehaztasun faltagatik kexu azaldu da Portero. Auzitegi Nazionaleko 35en kasuan dio herri, lurralde, estatu eta Europa mailakoa dela, baina ez maila autonomikokoa. Arraiz EH Bilduko parlamentaria da egun Eusko Legebiltzarrean. AVTk azaldu du hori argitzean hartuko duela bere erabakia.

EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako akusazio idatzietan, Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak, akordio proposamena egin aurretik, bat egin zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin, eta sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoan beste hainbeste urtez aritzeko debekua eskatu zuen. AVTk eta Dignidad y Justiciak, berriz, hamar urteko espetxe zigorra galdegin zuten.

2007ko urrian ezker abertzalearen egitura politikoa desegiteko Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioan atxilotu zuten Arraiz, eta bi urte eta erdi egin zituen behin behinean preso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.