Sortuk "birfundatzeko" batzar nazionala egingo du uztailaren 2an, eta Hasier Arraizek ez du bere burua aurkeztuko alderdia zuzentzeko. Gaur egun Sortuko presidentea da Arraiz, eta joan den astean utzi zion EH Bilduko legebiltzarkide izateari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak ezarritako bi urteko inhabilitazioa betetzeko. Arraizek berak eman du erabakiaren berri Info7 irratian: "Aurpegi eta belaunaldi berriei bide ematea dagokit".
Beste gai batzuk ere jorratu ditu elkarrizketan. EH Bilduko oinarriek Arnaldo Otegi Jaurlaritzarako lehendakarigai izatea onartu dutela-eta, Arraizek esan du koalizio subiranistak aurkez dezakeen "hautagai onena" dela Otegi. Bestalde, Eusko Legebiltzarrean eginiko ibilbidearen balorazio "gazi samarra" egin du, argudiatuta indar politikoen arteko elkarrizketa "oso mugatua" izan dela.