ARRAIZEN AGURRA

Arraizek "harreman politiko normalizatuak" aldarrikatu ditu legebiltzarreko azken hitzaldian

Hasier Arraizek azkenekoz hartu du hitza legebiltzarrean, EAEko Auzitegi Nagusiak haren kontrako epaia eman eta bi urterako inhabilitatu izanaren ondorioz. Arraizek elkarbizitzaren aldeko mezua emateko baliatu du kontrol saioko diskurtsoa.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko maiatzaren 20a
11:10
Entzun

Biktima guztientzako "memoria, aitortza eta erreparazioa" eskatu ditu Arraizek, eta gatazkan izan diren indarkeria ekintzak berriro ezin direla gertatu nabarmendu du. "Okerrena da aurkaria deshumanizatu genuela eta giza eskubideek ezinbesteko izateari utzi ziotela", esan du Arraizek.

Bakeak "denontzako" izan behar duela azpimarratu du legebiltzarkideak, eta beharrezko jo du presoen etorrera. "Kapitulu hau ixtea lortuko dugu guztiok gaudenean". Alde horretatik, espero du azken epaiketetan ezker abertzaleko kideek akusazioekin lortu dituzten akordioek "kartzeletako ateak irekitzeko" balio izatea.

Harreman politikoak normalizatzeko beharraz ere mintzatu da. Arantza Quirogak bake eta bizikidetza lantalderako egin zuen proposamena ekarri du gogora. "Pentsatu nahi dut elkarrizketa politikoa sustatzeko saiakera zintzoa izan zela".

[Youtube]https://youtu.be/jNTXN2AlQWw[/Youtube]

Bestelako harremanak abiatzea espero du EAJ eta EH Bilduren artean ere. Bi alderdiak "herri akordio garrantzitsuak egitera deituak daude", Arraizen esanetan. "Hala ez egitea arduragabea litzateke", gaineratu du.

EAEko Auzitegi Nagusiak bere kontra eman duen epaiari aipu eginez, Arraizek adierazi du, duela bederatzi urte atxilotu zutenean, jardun politikoarekin jarraitzeko erabakia hartu zuela, kartzelara joan zitekeela jakin arren, eskubide zibil eta politikoak eta ezker abertzalearen proiektua arriskuan zeudelako. "Pentsatu nahi dut guk ere lagundu dugula agertoki politiko berria irekitzen".

Agurrean, legebiltzarkideei eskertu die jasotako babesa eta elkartasuna. "Azken lau urteetan egin ez duguna hurrengo lau urteetan lortzea opa dizuet". Arraizek pertsonalki agurtu ditu Iñigo Urkullu lehendakaria, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia. Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak ukatu egin dio eskua.

Txalo artean utzi du aretoa, senideak, lagunak eta EH Bilduko hainbat kide ere gonbidatuen artean zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.